argia.eus
INPRIMATU
Emakumeek gutxiago kobratzen dutela ikusarazteko legea indarrean jarri dute Erresuma Batuan
  • Ostegunetik aurrera enpresa britainiarrek publiko egin beharko dute euren langileen arteko soldata-arrakala. Adituen ustez, neurria aurrerapauso garrantzitsua izango da berdintasunaren bidean.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko apirilaren 06a

Erresuma Batuko Gobernuaren Giza Eskubideen eta Berdintasunaren Batzordeak bultzatutako neurriaren bitartez honako datuak eskatuko dizkiete 250 langile baino gehiago duten enpresei: soldaten zifra zehatzak, soldata tarte bakoitzaren sailkapena generoaren arabera eta saria jasotzen duten emakumezko eta gizonezkoen kopurua. Guztira, 15 milioi langile dituzten 9.000 enpresari eragingo dio neurriak.

Datuak, generoaz gain, adina, etnia eta gaitasunen arabera sailkatu beharko dituzte. Izan ere, soldatetan ezberdintasun handiak daude ezaugarri hauen arabera. Adibide gisa, Fawcett Societyren txosten baten arabera, afrikar jatorriko emakumeek zuriek baino %80,4 gutxiago kobratzen dute.

Adituen ustez, legeak berdintasunerako neurriak hartzera bultzatuko ditu enpresak: “Soldata berdintasunerako legediak 45 urtetan lortutakoa baino gehiago lor dezake lege honek bost urtetan”, ziurtatu du Sarah Henchoz abokatuak The Guardian-en.

Neurria aurrera ateratzeak, baina, ez dirudi erraza, enplegatzaileek ez baitute esfortzu handirik egin nahi: Legearen aplikazioaren atarian, inkesta batean galdetutakoen %82k esan du oraindik ez dituela berrikusi bere enpresaren genero eta berdintasun politikak. Galdetutakoen heren batek onartu du ez dituela soldatak berrikusten bere burua babesteko. McKinsey & Company enpresa kontsultariaren ikerketa batek dio Erresuma Batuaren soldata-arrakala ez dela itxiko 2069. urtera arte.