argia.eus
INPRIMATU
Emakumeek gizonek baino 8.000€ gutxiago kobratu dute Hego Euskal Herrian 2015ean
  • Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratu berri ditu soldaten egituraren inguruko 2015eko datuak. Hego Euskal Herriko emakumeek gizonek baino 7.858,11 euro gutxiago kobratu dute urte horretan. Gizonezkoek izandako ordainsariaren %73,65 jaso dute emakumeek, batez beste.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko ekainaren 29a
(Argazkia: definanzas.com)

Espainiaren barruan sartzen dituzten lurralde guztietako soldaten desberdintasunaren batez bestekoa baxuagoa da Hego Euskal Herriko lau lurraldeetakoa baino: datu horien arabera 5.941,18 eurokoa da batez besteko orokorra. Bestalde, ikerketak adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa direla, Madrilekin batera, urteko batez besteko soldatarik altuenak dituzten lurraldeak.

Adinaren, lan motaren edo kontratuaren araberako datu gehiago ematen ditu txostenak, baina hauek ez dituzte erkidegoka bereizten. Lan motaren arabera ordainsariak, esaterako, asko aldatzen dira; eta lurralde bakoitzean egiten den lan aktibitatearen arabera batetik bestera desberdintasun handiak nabari dira.

Batez besteko datu orokorrak kontuan hartuta, zuzendaritza eta gerentzia karguetan 51.645,86 euro kobratu dituzte 2015. urtean, eta kualifikazio gutxiko zerbitzuetako langileena izan da batez besteko soldatarik baxuena: 12.700,70 euro.