Azken 83 urteetan gizonezkoek soilik dantzatu dute Leitzan ezpata-dantza baina aurten Alaitz Oiartzun, Andrea Casares, Onintza Bengoetxea, Ane Zabaleta, Uxue Lasarte, Garazi Erbiti, Izar Ugartemendia eta Nahia Barriola ezpata-dantzariak ere plazan izan dira Beñat Urkiola, Beñat Zabaleta, Ander Alduntzin, Miguel Olano, Joanes Lasarte, Manex Moreno, Eneko Zabaleta eta Joseba Sagastibeltzarekin batera dantzan. Bi taldetan banatutako 16 dantzarik hartu dute horrela Leitzako plaza eguerdiko 12etan eta bertan, denek batera, Durangaldetik 30. hamarkadan ekarritako eta herrian errotutako dantzari-dantza egin dute.
Abuztuaren 11a, San Tiburtzio eguna, jai handia izaten da Leitzan eta aurtengoa are eta handiago izan da, luzaroan mutilek bakarrik dantzatu badute ere, aurten Aurrera dantza taldeko neskek ere dantzatu baitute ezpata-dantzan.
Ezpatadantzako argazki gehiago. @mkl_fubis eskerrik asko! #Pesta k ongi pasa! pic.twitter.com/97oI17Xc5b
— Leitzako Udala (@LeitzakoUdala) August 11, 2015
Aurrera dantza taldeko kideek adierazi dutenez aspaldian neskak ere plazara dantzara irteteko nahia zuten eta aurtengo San Tiburtzioetan aurrera pausua eman eta meza osteko dantza emanaldian batera parte hartu dute.
Oharra: Dantzan.eus gunetik ekarritako albistea lizentzia libreei esker.