argia.eus
INPRIMATU
Emakumeek batez beste gizonek baino 44 minutu gehiago ematen dituzte egunean etxeko lanetan
  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 16 urte baino gehiagoko biztanleriak denbora zertan erabiltzen duen aztertzen duen txostena zabaldu du Eustatek, eta 2018. eta 2023. urteetan jasotako datuak alderatu ditu. Etxeko lanetan generoen arteko aldea 27 minutu murriztu da 2018ko datuekin alderatuta. Pertsonen zaintzan emandako denborak bederatzi minutu egin du behera.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko uztailaren 29a
Eustatek 2018. eta 2023. urteetan biztanleriaren eguneroko ekintzetan izandako aldaketak jaso ditu. Argazkia: Pexels

Denbora Aurrekontuen Inkestak (DAI) txostena argitaratu du Eustatek. 2018. eta 2023. urteen artean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa 16 urte baino gehiagoko herritarrek zenbait jarduerari eskainitako batez besteko denbora jaso du bertan, hala nola etxeko lanei, etxeko pertsonen zaintzari, zainketa pertsonalei edo oinarrizko premiei.

Biztanleriak 2023an batez beste bi ordu eta hamabost minutu eman zituen egunero etxeko lanetan –hala nola otorduak prestatzen, garbiketa egiten edo erosketak egiten–, 2018an baino hamar minutu gehiago, eta azken 30 urteetako beheranzko joera hautsi da, Eustaten arabera. Pasa den urtean, herritar gehienek egin zuten jarduera hori (%92,6), baina generoen arteko aldea existitzen da oraindik. Jarduera horretan partaidetza-tasa igo egin da 2018. urtearekin alderatuta, emakumeetan %6,6 gehiago, eta gizonetan %18,2 gehiago. 2023an, emakumeek gizonek baino 44 minutu gehiago eman zituzten batez beste egunero jarduera horietan. 2018an, emakumeek ordu bat eta eta hamaika minutu gehiago ziharduten.

Pertsonen zaintzan, denbora gutxiago

Etxeko pertsonen zaintzan emandako denborak bederatzi minutu egin du behera 2018ko datuekin alderatuta. 1993tik zegoen goranzko joera aldatu egin da. 2023an, biztanleriak 27 minutu eman zituen bataz beste jarduera horretan, eta biztanleriaren %23,1 egunean ordu bat eta 55 minutu. 2023an, biztanleriaren %14,5 egunero ordu bat eta hamasei minutu eman zituen haurren zaintzan batez beste, eta %5,6k ordu bat eta 43 minutu helduen zaintzan. Pasa den urtean helduen zaintzan emandako batez besteko denbora 2018koa baino txikiagoa da, gizonen kasuan 44 minutu gutxiago, eta emakumeen kasuan hamar minutu gutxiago.

2023an eguneko betebeharrek hartu zuten batez beste egunaren ia laurdena, bost ordu eta 53 minutu hain zuzen ere. Ordaindutako lanak eta prestakuntzak hiru ordu eta 11 minutu hartu zituen, eta ordaindu gabeko lanak –hau da, etxeko lanak eta etxeko pertsonen zaintzak–, bi ordu eta 42 minutu.

Zainketa pertsonala eta oinarrizko premiek, egun erdia baino gehiago

Lo egitea, jatea, garbitzea edo zainketa medikoak jasotzeak, eta antzeko jarduerek hamabi ordu eta hamabost minutu hartu zituzten 2023an batez beste biztanleriaren eguneroko bizitzan. Lo egiteari eskaini zitzaion batez besteko denbora bederatzi ordu eta hiru minutukoa da.

Denbora libreari batez beste egunaren bosten bat eskaini zitzaion. Hamar pertsonatik zazpik aisialdi aktiboan, kiroletan eta Interneten ematen zuen denbora egunero. Bizitza sozialari eskainitako denborak 2018ko datuekin alderatuta gora egin du, %37,5etik %49,1era.