argia.eus
INPRIMATU
Emakumeak lehen aldiz Berako San Esteban eguneko dantzetan
  • Emakumeek lehen aldiz dantzatu dituzte Bordondantza eta Makildantza Berako San Esteban egunean joan den asteburuan.

ARGIA @argia 2014ko abuztuaren 04a
Emakumeek historian lehen aldiz parte hartu dute Berako San Esteban eguneko Bordondantzan eta Makildantzan (argazkia: Ttipi-Ttapa).

Lehenago, uztailaren amaieran, Julio Caro Baroja zenaren omenez egindako ekitaldietan ere aritu ziren emakumeak dantza horiek egiten, baina Bidasoa ondoko herriko festen egun nagusian parte hartu duten lehenbiziko aldia da.

Ttipi-Ttapa hedabideak Facebookeko orrian gertakari historikoaren argazki sorta sareratu du. Bertan irakurtzen denez, hauek izan dira emakumezko dantzariak: Leire Barrutia, Amaia Espinosa, Ainhoa Retegi eta Izaskun Agara. Beraiekin batera, Patxi Castillo aitzineskua eta Mikel Esnaola, Javier Pikabea, Mikel Goienetxe, Joseba Mariezkurrena, Jon de la Cruz eta Mikel Moreno aritu ziren dantzan.

Ondorengo Makildantzetan ere neska gehiago aritu ziren dantzan Ttipi-Taparen arabera.

Informazio gehiago:

Emakumeek festa parekideak lortzeko borrokari buruzko Festa dezagun gaurdanik geroa dokumentala ikus dezakezu ARGIAren multimedia kanalean. Euskal Herriko Bilgune Feministaren eta Emaginen ekoizpena da.