argia.eus
INPRIMATU
Emakumeak gauez kalean bakarrik ez ibiltzea, “jaietan gozatu ahal izateko gomendio logikoa” da Ertzaintzaren ustez
  • Radio Euskadin elkarrizketatu dute Gasteizko ertzain-etxeko buru Victoria Landa. Jaietan sexu erasoak saihesteko Ertzaintzak argitaratutako gomendioek piztu polemikoaz dio haien helburua ez dela "emakumeen askatasuna mugatzea, segurtasunez bizitzeko tresnak eskaintzea baizik".

ARGIA @argia 2019ko abuztuaren 07a
Zumaiako jaietan mugimendu feministak egindako manifestazioa "ez dugu beldurrik" lelopean. Argazkia: Baleike

Segurtasun Sailak eta Gasteizko Udaltzaingoak esku-orri batzuk zabaldu dituzte Gasteizko jaietan. Horietako batean sexu erasoak saihesteko hainbat gomendio bildu dute. Besteren artean, kalean bakarrik ez ibiltzea eta leku bazterrak eta gaizki argiztatutakoak saihestea gomendatu diete emakume guztiei, baita aldez aurretik ezagutzen ez dutenekin [sare sozialen bidez] ez geratzea ere.

Pertsona eta talde feminista askoren kritika eragin dute Ertzaintzaren aholkuek, "erasoen ardura emakumeei egoztea" edo "askatasunari mugak jartzea dela" azpimarratuz. Kontu horretaz mintzatu da Gasteizko ertzain-etxeko buru Victoria Landa. Haren esanetan, hirugarren urtea da "Euskadiko herri eta hiriburueetan" gomendiook zabaldu dituztena, baina aurtean lehen aldia izan da zeresana eman dutena.

Ertzaintzako kideak azpimarratu du haien helburua autoprebentzioa dela eta horregatik eman dituzten aholkuak "logikoak, sinpleak eta errazak" direla. Neurriak "arrisku egoerak sahiesteko baliagarriak izango dira, eta, hala, jaietan gozatzeko ekarpenik onena izango dira", ziurtatu du. Hau bezalako aholkuen bidez "emakumeen askatasuna mugatu baino, segurtasunez bizitzeko tresnak" eskaini nahi dituztela adierazi du Landak.