EITBko albistegietan emakumeak "ikusezinak" eta gizonezkoak "protagonistak" direla ondoriozatu du Aztiker ikerketa soziologikoen zentroak. LABeko Ipar Hegoa fundazioak eskatuta, EITBren eginkizuna aztertzen ari da Aztiker, eta atzo izan zen gizonezkoen eta emakumeen presentzia aztertu duen ikerketa publikatzeko txanda.
Horren arabera, albistegietan agertzen diren subjektu guztien %75 gizonezkoak dira, eta emakumeak kasu guztien %16an besterik ez dira protagonista bakarrak. Bide beretik, gizonezkoak nagusi izaten dira kirol informazioetan (%92), politika gaietan (%74) eta ekonomia kontuetan (%69). Horiek dira, gainera, albistegietan pisu eta espazio gehien hartzen duten gaiak. Emakumezkoak, ordea, gai sozialetara atxikita agertzen dira gehienetan.
Era berean, EITBn generoen irudikatzea "estereotipatua eta diskriminatzailea" dela ondorioztatu du Aztikerrek. Zentzu horretan, gizonezkoen irudia espazio publikoari lotuta agertzen da albisteen %99tan, eta %50ean besterik ez emakumezkoen kasuan. Gainera, irudiz ez ezik, diskriminazioa hitzez ere ematen da albisteen %20an, "emakumearen rola bigarren mailan jarriz edo generoaren errealitatea aintzat hartu barik".
- Aztikerren ikerketa (PDF)
- LABek ateratako ondorioak (PDF)