argia.eus
INPRIMATU
Emakumeak, herri indigenak eta natura: giza eskubideen aldeko borrokaren lehen lerroan
Estibaliz Gomez de Segura Mugarik Gabe 2024ko abenduaren 10

Gure eskubideak, gure etorkizuna, orain! lelopean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunak 76 urteetako ondarea ospatzen du. Egunak mundu baketsuagoa, berdinzaleagoa eta jasangarriagoa eraikitzearen alde egitea du xede. Hala ere, aurrerapenak ospatzen diren bitartean, babesturik daudela adierazten duten eskubideen urraketa nabarmenen aurrean gaude.

Gogorarazi nahi dugu adierazpen hori 1948ko abenduaren 10ean NBEren Batzar Nagusi batean jaio zela, Bigarren Mundu Gerrako esperientziaren ondorioz. Bigarren Mundu Gerraren ostean eta Nazio Batuen Erakundea sortu eta gero, nazioarteko komunitateak konpromisoa hartu zuen gatazka horretan gertatutakoa bezalako ankerkeria gehiagorik ez onartzeko. Hala ere, gaur egun, basakeriak dirau, hala nola Palestinako genozidioan eta ezkutuan dauden beste dozenaka gerretan.

Gaur egun, multinazional handiek bat egiten dute ospakizun honekin, erantzukizun sozial korporatiboaren alde hartutako konpromisoak goraipatuz. Baina praktikan, filialek komunitateak kanporatzen dituzte aspalditik eurenak diren lurraldeetatik, eta horiek errukirik gabe ustiatzen dituzte. Lurra eta natura defendatzen dituztenak beldurtu, kriminalizatu eta jazartzen dituzte, kapitalaren metaketa bizitzaren gainetik lehenesten duen eredu ekonomikoa sustatzen duten bitartean.

Moral bikoitz horren ondorioz, giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonak babestu beharko lituzketen sistemen biktima bihurtzen dira. Berta Cáceres, Miller Correa, Bernardo Caal edo Lolita Chávezen kasu enblematikoek egiaztatzen dute pertsonak mehatxatu, kriminalizatu eta erailtzen dituztela oinarrizko eskubideak defendatzeagatik. Paradoxikoki, giza eskubideak defendatzen dituzten eragile berberak horien borrero izaten dira.

Giza eskubideen urraketak argi eta garbi azaltzen dira munduko hainbat txokotan. Adibidez, Kolonbian: urrea ustiatzen duten talde ilegalek adingabeak errekrutatzen dituzte indarrez. Bolibian: litioa ustiatzeko interesek bultzatutako estatu-kolpeak, herriaren eskubide demokratikoen kontrako erasoan. El Salvadorren: segurtasunaren aitzakiapean oinarrizko eskubideak urratzen bi urte daraman salbuespen-egoera. Guatemalan: El Estor-en arrantzaleak erail dituzte, nikelaren ustiapenaren aurrean beren bizimoduak eta lurrak defendatzeagatik. Eta Nikaraguan: emakume gazte eta feministak jazarriak, erbesteratuak edo espetxeratuak dira indarkeria matxistaren aurka eta abortuaren, elkartze askeen eta giza eskubideen defentsaren alde borrokatzeagatik.

Berta Cáceres, Bernardo Caal edo Lolita Chávezen kasuek egiaztatzen dute pertsonak mehatxatu, kriminalizatu eta erailtzen dituztela oinarrizko eskubideak defendatzeagatik. Giza eskubideak defendatzen dituzten berberak borrero izaten dira

Kasu horiek erakusten dute interes ekonomiko eta politikoen aurka egiten duten komunitateak etsai gisa tratatzen dituztela. Borroka honetan, ezin dugu ahaztu esplotatuenetan esplotatuena dena: Ama Lurra, emakumeen gorputzen antzera indarkeriaz tratatua. Lurra zein emakumearen gorputza kontrolatuak eta esplotatuak izan dira, eta gizonen eta sistema ekonomiko suntsitzailearen beharrak asetzeko tresna izatera murriztuak.

Dinamika horretan, kriminalizatu, abandonatu eta, askotan, erail egiten dituzte giza eskubideak defendatu, eta kolektibotasuna indibidualtasunaren gainetik eta ongi komuna kapitalaren logika genozidaren gainetik kokatzen dituzten horiek. Ironikoki, NBEk jazarpen eta heriotza zifra horiek erabiltzen ditu gaurkoa bezalako egunetan bere garrantzia justifikatzeko.

Gainera, NBEk nazioarteko egun bat izendatzen duenean, abenduaren 10 honetan bezala, sentsibilizatu eta kontzientziatu nahi duela esaten da. Hala ere, errealitateak bestelakoa dirudi: egun hauek ia abandonaturik dauden auziak islatzen dituzte. Ez dago konpromiso errealik hainbat arazori aurre egiteko, hala nola indarkeria matxistari, kultura-espoliazioari, biodibertsitatearen galerari, gerrari eta bidegabekeria sozialei. Hala balitz, mekanismo lotesleak egongo lirateke politikak eraldatzeko eta gizateriaren aurkako krimenen erantzuleak zigortzeko.

Israel kontraesan-kasu paradigmatikoa da. 1991n nazioarteko itun garrantzitsuak berretsi zituen, hala nola Emakumearen Aurkako Bereizkeria-Mota Guztiak Ezabatzeko Konbentzioa (CEDAW), Haurren Eskubideei Buruzko Konbentzioa (CDN) eta Torturaren Aurkako Konbentzioa (CAT). Horrez gain, Nazioarteko Zigor Auzitegiaren (ICC) Erromako Estatutua sinatu zuen 2000. urtean, nahiz eta berretsi ez duen, eta beraz, auzitegi horretatik bereizita dago legez.

Gaur egun, Benjamin Netanyahu lehen ministroa, Yoav Gallant Defentsa ministro ohia eta Mohammed Deif Hamaseko komandantea atxilotzeko agindua eman du ICCk. Hala ere, ondorioak gutxienekoak dira. Agindu horiek nazioarteko mugikortasunari eta harreman diplomatikoei eragiten diete, baina ez dute eragin errealik. Gainera, AEBen laguntza ere badute, zeinak ebazpena baztertzen duen. “Horiek dira, XXI. mendean, giza eskubideak defendatzen dituzten itun gehien-gehienak bete ez dituen estatu genozida batek dituen ondorioak”.

Giza Eskubideen Nazioarteko Egunak hausnartzeko aukera ematen digu, baina baita ekintza zehatzak exijitzekoa ere. Sinbolo hutsa baino, giza eskubideak benetako konpromiso bilakatu behar dira, politikak eraldatu eta komunitate zaurgarriak babestu ahal izateko.

Kontraesanak kontraesan, borroka kolektiboek itxaropena dute. Funtsezkoa da identifikatzea eta babestea justizia defendatu, logika kapitalista suntsitzailea zalantzan jarri eta Ama Lurra bizitzaren ardatz gisa babesten duten horiek. Izan ere, ez dago etorkizunik justiziarik gabe, ezta giza eskubiderik ekintzarik gabe ere.

 Estibaliz Gomez de Segura, Mugarik Gabe GKE