argia.eus
INPRIMATU
Emakumeak ezpata-dantzan aritu dira lehen aldiz Xemeinen
  • Urteetako prozesuaren ondoren, azkenean, Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldeko kide guztiek izan dute aukera San Migel egunez plazan ezpata-dantza eta aurreskua egiteko, neskek zein mutilek.

Kattalin Agerre dantzan.eus 2022ko urriaren 04a
Ezpata-dantza, San Migel, Markina-Xemein, 2022-09-29. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Abarketak bustita, baina irribarrea aurpegian eta harro amaitu zuten Zerutxu dantza taldeko kideek Arretxinagan. San Migel egunez, genero bereizketarik gabeko ezpata-dantza eta aurreskua plazaratu zituzten Markina-Xemeingo Arretxinagako jaietan.

Euri mehatxua zutela zerutik atera ziren ermita atzetik Zerutxuko ezpata-dantzariak. Festetarako muntatutako karparen babesean dantzatu ziren. Euria goian-behean, baina dantzariak aterpean aritu ziren; hori bai, lurra busti eta laban zen dantzarako. Baldintzarik onenetan ez bazen ere, herritarren animo eta txalo artean, dotore aritu ziren dantzariak.

Urteetako prozesuaren ondoren, azkenean, taldeko kide guztiek izan dute aukera plazan ezpata-dantza eta aurreskua egiteko, neskek zein mutilek. Pixkanaka joan dira taldean urratsak ematen: 2022ko aratusteetan kaleratu zuten neska-mutilek zahagi-dantza, eta uztailean, Karmenetan, aurreskuaren txanda etorri zen. Pandemia dela-eta Arretxinagako San Migel festak ez dira ospatu azken bi urteetan. Aurtengoa berezia izan da, beraz: bi urteren ondoren itzuli dira ezpata-dantzariak, eta genero bereizketarik gabeko taldea, gainera.

Eguerdian ezpata-dantza eta aurreskua dantzatuta San Migel eguneko lan erdiak falta zitzaizkien oraindik, iluntzean mahai-gainekoa eta bigarren aurreskua dantzatu baitzituzten.

Zerutxu dantza taldea, San Migel, Markina-Xemein, 2022-09-29. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Dantzariak, ezkerretik hasita, goian: Iñaki Azpiazu, Alex Larrinaga, Eritz Larrinaga, Irati Valencia, Mirari Espilla, Ziara Larrinaga, Malen Perez, Oihane Urbieta, Leire Pagaegi, Ainhoa Basterretxea, Oier Onaindia. Markututa: Andoni Elu, Alaine Urrutia (ezpata-txiki), Aaron Arriola (maisu zaharra), Iraide Antxia (ezpata-txiki), Iñaki Kareaga (ezpata-txiki), Argazkian ez daudenak: Igor Ibarzabal (ezpata-txiki), Aitor Urriolabeitia. Txistulariak: Gorka Lauzirika, Koldo San Sebastian, Javi Zabala. Eskuinean: Felipe Amutxastegi eta Pili Garitaonaindia.

San Migel eguneko ezpata dantzaren argazki gehiago dantzan.eus webgunean.