argia.eus
INPRIMATU
Emakumeak duintasunaren aldeko borroka ehuntzen
Setem Hego Haizea @SetemHegoHaizea 2015eko martxoaren 05
Emakumeak lan baldintza oso gogorretan marka handientzat jantziak egiten.

Martxoaren 8a Emakumeen* Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuz, milaka kilometrora dagoen arren egunero “ukitzen gaituen” errealitate bati buruz hausnartzea iradoki nahi dugu. Asiako ehungintzaren industriari buruz ari gara (Asian ekoizten da munduko arropa guztiaren % 60). Sektore honetan, emakumeen presentzia gehiengoa da, eta batzuetan langileen % 90 ere emakumezkoak dira. Begira diezaiegun emakume horiei eta gure armairuen tiraderak betetzen dituen arropa bilakatzen den errealitate bidegabea gainditzeko borroka etengabeari.

Gure mundu globalizatuaren garapen-ereduaren oinarria hazkuntza ekonomikoa da, hau da, estatuek urtez urte diru gehiago izatea are diru gehiago lortzeko. Gaur egungo nazioarteko testuinguruan enpresa transnazionalek irabazi ekonomikoak guztiaren gainetik lehenesten dituzte. Kostuak murrizteko eta irabazi-marjinak areagotzeko, ekoizpena eskulan merke askoko herrialdeetara bideratzen dute, lege-, gizarte- eta ingurumen-arloetan estaldura txikia duten herrialdeetara, hain zuzen. Herrialde horiek, Arropa Garbia Kanpainak ohartarazten duenez, “etengabe lehiatzen dira malgutasunari eta soldata-kostuei dagokienez, beren bezeroen erosketa-ohituretara moldatzeko”.

Asian arropagintzaren sektorean lan egiten duten pertsonak emakume gazteak dira, batik bat, ez dute ia ikasketarik eta sarritan beren familien diru-sarrera iturri bakarra dira. Emakume horiek pairatzen dituzte sistema ekonomiko globalizatuak enpresa transnazionalei ematen dizkien pribilegioen ondorioak. Hala nola: beren oinarrizko beharrei erantzuteko nahikoa ez diren eta desnutrizio kasuak ere eragiten dituzten soldatak, lan-kontraturik ez izatea, gaixotasun- edo amatasun-bajarik ere ez izatea, sindikatu-jarduerarako eskubiderik ez izatea, erretiroko pentsioa jasotzeko eskubiderik ez izatea, laneko ziurgabetasunaren ondorioz estresa pairatzea, jazarpen fisikoa eta ahozkoa, lanaldi amaigabeen eta ordu estrak egin behar izatearen ondoriozko nekea... Egoera hori are gogorragoa da landatik hirira arropa-fabriketan lan egiteko migratzen duten emakumeen kasuan, ez baitute inolako babes legalik izaten.

Egoera honek, era berean, harreman pertsonalak hondatzen ditu, txirotasunetik irten ahal izateko hezkuntza jasotzeko planak oztopatzen ditu eta familiak banantzen ditu, pertsona batzuek etxetik alde egin eta tailerren batean lan egin behar baitute. Bere bizitzarako proiektuak arriskuan daude bizi duten lan-ustiapenagatik.

Hala ere, antolatzen direnean eta sindikatuekin eta laneko eskubideen eta giza eskubideen aldeko erakundeekin batera borrokatzean, langile horiek frogatu dute desorekan eta pobrezian murgilduta uzten dituen eredua ez diren bestelako aukera zuzenak daudela. Beren ekoizpena deslokalizatzen duten arropagintza-lantegiak hurbilagotik kontrolatzea eta sektorean lan egiten duten emakumeen eskubideak urratzen dituzten enpresei presio handiagoa egitea eta zigortzea ahalbidetzen duen nazioarteko arauketa-esparrurik ez dagoenez, helburu hori lortzeko borrokari esker azken urteotan hainbat aurrerapen lortu dira. Besteak beste, langileen kooperatibak sortu dira justizia komertzialean eta sozialean eta ingurumenarekin lotutako justizian oinarrituz, eta lantegietako segurtasuna hobetzeko akordioak lortu dira, Rana Plazako eraikinarena bezalako hondamendiak ez daitezen berriro gertatu (Bangladesh-eko eraikin haren hondamendian 1.100 pertsona hil ziren).

Hala eta guztiz ere, beste gauza asko lortu behar dira oraindik. Horrela, aldaketa langileen, sindikatuen eta Iparraldetik Hegoaldera genero- eta maila-berdintasunaren, justizia sozialaren, bakearen eta guztiontzako lan-baldintza duinen alde lan egiten duten erakundeen arteko aliantzan eta batasunean egongo da oinarrituta. Eta, nola ez, hemendik norabide horretan egin dezakegu lan, batzuetan ahazten dugun arren ahalmen ikaragarria duen arma batekin: gure kontsumo-ohiturekin, alegia.

* Ezin da emakumeei buruz singularrean hitz egin, ez baitago emakume izateko modu bakarra. Plurala erabiliz, emakumeen dibertsitatea azpimarratu nahi dugu.