argia.eus
INPRIMATU
Emakumeak dira Arabako saskibaloiaren benetako aitzindariak
  • 1.940. urtekoak dira, Araban, saskibaloi partida bat jasotzen duten lehen irudiak.

Arabako Alea @ArabakoALEA Aritz Martinez de Luna 2019ko maiatzaren 13a
1940. urtekoan, Zapatagile kaleko jolastokian Gasteizko lehen saskibaloi partidaren irudiak. / Gasteizko Udal Artxiboa

Azken urteetan, Araskik eskuratutako emaitza onek eraginda, emakumezkoen saskibaloiak presentzia gehiago izan du hedabideetan, eta ondorioz herritarren artean ere bai. Askoren ustez emakumeek saskibaloiarekin duten lotura azken urteotan eman den gertakaria izan arren, errealitatea erabat bestelakoa da.

Emakumeak izan ziren Araban saskibaloian jokatzen hasi ziren lehenak, eta Baskonia bezalako talde handiei bidea errazteko lehen urratsak egin izana, beraiei zor diegu. Gasteizko lehen aztarna horiek 1940. urtean aurkitu daitezke. Hain zuzen, Zapatari kaleko Aliaden patioan jasotako lehen argazkia da horren adibide.

Gasteizko taldea, Espainiako bigarren mailako txapelduna, 1.941an. / Proyecto 75ers

Ondorengo urte horietan, gizonezkoek kirol berri honetan inolako eskarmenturik ez zuten bitartean, saskibaloian aritzen ziren nesken kopuruak gora egin zuen, eta gaur egungo kirolarekin zerikusirik ez duten baldintzatan gainera. Espainiako txapelketako irudietan jasota geratzen den bezala, soinezkoz jantzita eta zezen plaza bezalako tokietan jokatzen zuten taldeek.

Arabako ordezkariak estatuko lehen mailako txapelketan, 1943an. / Kutxateka

Gainera, gure lurraldeko zenbait jokalarik oso maila altua eman zuten; Adibide aipagarriena, Josefina Añua. Arabako ordezkariek, txapelketan partidarik irabazi ez bazuten ere, Josefina Añua Portugal eta Hungariaren kontrako partidetan txapelketan lehiatzeko hautatu zuten. Partida horiek, Mundu Gerraren ondorioz, bertan behera geratu ziren.

Albiste hau Arabako ALEA-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.