argia.eus
INPRIMATU
Emakumeak aurpegiko ileen defentsan
  • Emakumeek besape edo hanketako ileak uztea arbuiatu ohi bada, pentsa ikusgarriagoa den aurpegian ileak uzteagatik entzun beharrekoak. Mar eta Cristina, baina, ez dira kikiltzen: Somos Barbarie elkartea sortu dute, bizarra mozteko presioari aurre egitea helburu.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko otsailaren 04a

“Norbere ileekin zer egin erabakitzeko emakume guztiak libre izatea nahi dugu, eta jakin dezatela ilea utzi nahi badute utzi dezaketela, guk egin dugun bezala”, diote Mar Llop eta Cristina Amirall kataluniarrek. Duela gutxi egin dute elkartearen lehen bilera, eta bizarra edo aurpegian ilea duten hamabost bat emakume elkartu dira, euren bizipenak partekatzeko.

Pilula antisorgailuak

Mar Llopek sei urte daramatza kokospeko ileak moztu gabe eta Cristina Almirallek urtebete lepoan ateratzen zaiona utziz. Ez dute ile askorik, baina hala ere denetik entzun behar izan dute, ezagun nahiz ezezagunengandik. Aurretik, biek bukatu zuten ilerik ez ateratzeko pilula antisorgailuak hartzen, medikuak gomendatuta: “Urtebetez hartu nituen, baina izugarria zen, gizentzea eta begietan lehortasuna eragiten zidaten. Eta gainera berdin-berdin hazten zitzaidan ilea”, kontatu du Llopek Eldiario.es-en.

Emakumeek bizarra edukitzea maskulino izatearekin edota pertsona utzia izatearekin lotzen dela salatu dute. Estetika femeninoaren morrontzaren adibide bat gehiago, azken finean.