argia.eus
INPRIMATU
Emakume zientzialariak eta euren lana, lehen planora
  • Txikitatik jasotzen dituzten jolas eta mezuek, aurreiritziek eta baita guraso eta irakasleen espektatibek ere, zientzietatik aldentzen dituzte neskak. Baina neska hauek badute non begiratu, eta horregatik da inportantea emakume zientzialariak eta euren lana bistaratzea. Emakume Zientzialarien Eguna baliatuz (otsailaren 11), hala egin du hainbat erakundek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko otsailaren 11
Itxaro Perez biokimikaria (argazkia: Unibertsitatea.net)

Erakunde horien artean da Unibertsitatea.net ataria. “72 emakume, 72 ikertzaile, 72 lan interesgarri” izenburupean, hainbat alorretako emakumeei egindako elkarrizketak bildu dituzte. Tartean dira, esaterako, Ainara Valencia biologoa, Iera Arrieta matematikaria, Naiara Barrado fisikaria, Elisa Sainz de Murieta geologoa, Maite Goiriena ingeniari kimikoa, Edurne Larraza informatikaria edota Itxaro Perez biokimikaria.

Bestalde, bederatzi euskal erakundek antolaturiko Emakumeak Zientzian 2020 ekimena martxan da dagoeneko. Tailerrak, hitzaldiak, ginkana, mahai-inguruak… antolatu dituzte, helburu garbiarekin: “Zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea, eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea”.