argia.eus
INPRIMATU
Emakume transexual batek bortxatu egin dutela salatu du Gasteizen
  • Erasoa igandean gertatu zen, Gasteizko Abetxuko auzoan. Gizonezko batek labanarekin mehatxu egin zion emakume bati, eta bortxatu egin zuen. Biktimak salaketa jarri du. Asteazken honetan, 20:00etan, deitu dute elkarretaratzea, Gasteizko Bilbo plazan.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 04a
Argazkia: @halabedi

Erasoa igande iluntzean gertatu zen Gasteizko Abetxuko auzoan. Gizonezko batek labanaz mehatxu egin zion emakume transexual bati, eta bortxatu egin zuen. Erasotzaileak ihesari eman zion. Emakumeak salaketa jarri zuen Ertzaintzan.

Gasteizko LGTBI+ fobiaren aurkako Ikusgune behatokiak babes osoa adierazi dio biktimari. Amets Martínez de Heredia elkarteko kideak Euskadi Irratiari adierazi dionez, kolektiboarentzako “egoera oso txarra da, oso kezkagarria”. Izan ere, transfobia kasuek asko egin dute gora azken hiru hilabeteetan. Behatokian hamabost kasu antzeman dituzte maiatzetik hasita: zazpi gorroto diskurtso, lau eraso fisiko eta beste lau bazterketa kasu.

Ikusgunek iragan asteazkenean eman zuen emakume transexual baten aurkako beste eraso baten berri. Uztailaren 22an, 64 urteko emakume bat Gasteizko alde zaharreko taberna batetik irten zen, eta gizonezko batek “marikoi zikina” deitu zion. Berria hedabideak azaldu duenez, erasotzaileak hiru ukabilkada eman zizkion, eta lurrera bota zuen.

Elkarteak komunikatu bat kaleratu du, erasoak gaitzetsiz. Bertan, “eskalada LGTBI+fobiko baten aurrean” daudela adierazi dute, eta identitateagatik edo sexu orientazioagatik egon daitezkeen erasoei adi egoteko deia egin dute. “Gogorarazi behar dugu gorroto diskurtso eta erasoen atzean kolektibo oso bati zuzentzen zaion mezu bat ezkutatzen dela, eta honek jendarte osoa interpelatzen duela”.

Elkarretaratzea asteazkenean

Gasteizko Mugimendu Feministak eta E28 Koordinadorak elkarretaratzea deitu dute abuztuaren 4rako Gasteizen. Arratsaldeko 20:00etaran bilduko dira Bilboko Plazan, “aurrean izango gaituzue” lelopean gertatutakoa salatzeko.