argia.eus
INPRIMATU
Emakume trans batek salatu du tratu txarrak jaso dituela Donostia Ospitalean
  • Tratu txarrak Osakidetzako langile batzuen eta Ertzaintzaren partetik pairatu dituela salatu du.

Irutxuloko Hitza @irutxulo BeƱat Parra @parrabenat 2023ko irailaren 26a
Argazkia: Inaxio Esnaola / Irutxulo

Emakume trans batek joan den astean Donostia Ospitalean pairatutako tratu txarrak salatu ditu sare sozialen bidez. Tiktok plataforman zabaldutako bideo batean, @iosunina1 erabiltzaileak kontatu du “Ertzaintzak, Osakidetzakoen barreen artean, immobilizatu” egin zuela, ondoren ospitaleko larrialdietako zerbitzuaren atean “botata” uzteko. “Ez diot halakorik opa nire etsairik handienari ere. Sentitu nuen nire giza eskubideak guztiz urratu zituztela, eta, noski, laguntza ukatu zidaten”, gaineratu du. Donostiako Itaiak ere salatu du gertatutakoa.

Azaldu duenez, goizaldean alta eman zioten, eta etxera anbulantzian eraman zezatela eskatu zuen: “Bakarrik bizi naizelako Euskal Herrian, ez daukadalako nire bila etorri ahal zen lagunik edo seniderik, ezta taxian mugitzeko baliabide ekonomikorik ere”. Ordea, “medikuaren eta harrerako langileen pasibotasunaren aurrean, antsietate krisi batean” sartu zen, eta, hortik aurrera, langileek “ezikusiarena” egin zutela eta “osasun langile eta ertzain batzuen isekak” jasan behar izan zituela kontatu du.

Horrela, azaldu du une batean “ahotsa urratu” egin zitzaiola, ondorioz “maskulinoagoa” atera zitzaiola eta, era berean, “izkina batean dardarka eta hiperbentilatzen” ari zela: “Une horretan, ertzain bat gerturatu zitzaidan, eta ‘bueno, mutiko, bukatu zaizu showa’ oihukatuz, immobilizatu egin ninduen. Eta, beste bi ertzainen laguntzarekin, indarrez handik atera ninduten, hezur haustura bat izan zitekeen bihurritze bat nuela kontuan izan gabe”. “Errepidean botata” utzi zutela deitoratu du, eta, gainera, ertzainetako batek “eskumuturra bihurritu” ziola, “mugikorra kendu nahian”: “Uste zuten euren tratu txarrak grabatu nituela, baina nire amarekin bideodei bat egiten ari nintzen, eta nire ama gertatutako guztiaren lekuko izan zen”.

Dioenez, handik joateko agindu zioten ertzainek, bestela identifikatu egingo zutenaren eta komisariara eramango zutenaren “mehatxupean”. “Horren aurrean, minduta, altxatzea eta alde egitea” erabaki zuen, eta etxera eramango zuen taxi bat hartzen saiatu zen, baina, dioenez, “alferrik” izan zen: “Dirudienez, batzuek egoera ikusi zuten, eta abisua euren artean zabaldu zuten. Ez zegoen eraman nahi ninduen taxi gidaririk ospitalean, itxura narrasa nuelako, eta bidaia ordaintzeko dirurik ez nuenaren susmoa zutelako”. “Nik hilabetea pasatzeko nituen 40 euroak atera nituen eta esan nien beharrezkoa balitz bidaia hasi aurretik ordainduko niela, baina beraiek esaten zuten ikusten zela erotuta nengoela”, gaineratu du.

Azkenean, “erabat etsita eta herrenka”, handik joatea erabaki zuela kontatu du, eta Poliklinikaren inguruan zegoela, taxien telefonora deitu zuela. Horrela, orduan azaldu zen taxi gidariak ondo tratatu zuela nabarmendu du: “Entzun egin ninduen, eta gertatu zitzaidana ulertzen saiatu zen. Nirekiko enpatia dezente izan zuen eta onik utzi ninduen etxean; atarira sartu arte itxaron zuen, eta bidaiaren erdia kobratu zidan, esanez hori zela egin zezakeen gutxienekoa. Eta, gertatutakoa salatzera animatu ninduen”.

Horrela, bideo bidez salatu du gertatutakoa: “Salaketa publiko gisa, momentu horretan gertatu zitzaidan moduan, jarraitzen dudalako norengana jo jakin gabe”. “Erakundeak gu zaintzeko eta babesteko daude, eta, aldiz, giza hondakin baten moduan tratatu ninduten. Laguntza ukatu zidaten, eta ordu txikitan babesgabe utzi ninduten, etxetik sei kilometro baino gehiagora”, gehitu du. Era berean, “trans komunitatea eta neuroaniztasuna duten pertsonen komunitatea prebenitzeko” egin du salaketa, “halako egoeren biktima izan ez daitezen”: “Argi izan dezatela euren burua babesgabe eta zaurgarri erakusten badute, ziur aski, ez dutela erakundeen babesik jasoko; edo, behintzat, Donostia Ospitaleak ez dituela babestuko. Aldiz, nagusikeria eta bortizkeria pairatuko dutela”.

Bideo osoa ondorengo txioetan ikus dezakezue (Twitterren zabaldu duen erabiltzailea ez da bideoan agertzen dena):