argia.eus
INPRIMATU
Emakume sortzaileen topaketak iraganen dira urriko lau asteburuetan Garaionen
  • Emakume Sortzaileak Plazara topaketen bigarren edizioa dute aurtengoa. Antzerkia, musika, olerkia ala beste, 25 artisten ezagutzeko aukera izango da Ozaetako Garaion sorgingunean.

ARGIA @argia 2023ko irailaren 28a

25 artista, 14 proiektu artistiko eta anitzez gehiago publikoan. Horra datuei dagokionez Emakume Sortzaileak Plazara topaketek urriko lau asteburuetan zehar eskainiko dutena. Emakume sortzaileen eskaintza zabalaren erakusleiho izan nahi duelako: "Emakume artistak asko dira eta gero eta gehiago eta gero eta espazio gehiagotara iristeko asmoaz dihardute egunero lanean. Oso prest, umorea, tristura, gogoeta edo buru uztean, artetik eta arte askorekin guztion bizitza aberasteko prest".

Musika, antzerki, olerki, hitzaldi, marrazki bizidun ala beste, lan andana ezagutarazteko eta artistekin elkarrizketa zuzenak izateko aukera izango da bigarren edizioa ere.

Egitarau aberatsa

Igande honetan hasiko da programazioa Amaia Bonoren Belarri prest! sorkuntzarekin. Kamikas Kolektiboko Erika Olaizola, Iraia Elias eta Amancay Odrizola ere bertan izango dira Troia obra esku artean.

Urriko bigarren asteburuan, ostiralez, Askoa Etxebarrieta eta Sonia Estevezek Petxo, pito, palma flamenko konferentzia eskainiko dute, flamenkoaren jatorri afrikarraz ikasteko aukera eskainiko dute. Larunbatez, Oracle Motel antzerkia egongo da, Mamiak kolektiboko Hannah Whelan, Eguzki Donnellan eta Marina Suarezek taularaturik. Jone Bengoak Kabia antzerkiarekin 1960ko hamarkadan Gasteizera iritsi ziren emakume etorkinen errealitatearen berri emanen digu. Igandez, Sonia Estévezen Marrazki bizidunak bizi ikusteko eta Txontxongilo eta malkoak obra ezagutzeko parada izango da. Maria Osesek eta Eider Beobidek Intsumisoena olerki-antzerkiaren bidez maitasunaz hitzegiteko aukera eskainiko digute.

Hirugarren asteburuan, igandez, zubia aitzaki hartuta, inguruko amonak gonbidaturik, Itziar Maneroren Memoria izeneko Altzeimerraren inguruko antzerki-dokumentala eskainiko da.

Urriko azken asteburuan, ostiralez, Ainhoa Alberdik eta Jurdana Otxoak Zapata-k lanean gerraren gaia jorratuko dute eta ondoren Maider Lasak euskal-haur-kantak garaikidetuta abestuko ditu Loa-loa emanaldian. Larunbatean, Miren Marbaiza Mice-k eta Itziar Garalucek Meteo kontzertu-bideoa eskainiko dute, klima gaia azalaretatuz. Eta ondoren, Mejillon Tigre kolektiboak, Ane Zubeldiak eta Eider Adeletxek Hitz esana olerki-kontzertua eskainiko dute, besteak beste, etxebizitzari, sexu-indarkeriari, gorpuztasunari, zein idoloei buruzko gaiei buruz barre eta negar egiteko gogoz.

Bukatzeko, urriaren 29an, Tripak taldeak, Maria Suarez, Natalia Suarez, Maite Mugerza, Andrea Berbois eta Garazi Navesen kolaborazioarekin Platea emanaldia taularatuko dute igandez. Bizitza, heriotza, beldurra, gogoeta, eta barre algarak guztia balrnebiltzen duen sorkuntza honekin emango zaie bukaera topaketei.

Hori guztia aitzin eta lehen jardun gisa, Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin batera topaketa feministak antolatu berri dituzte.

Garaion sorgingunearen hamabost urteak gogoan izango dituzte topaketetan zehar eta guztiei luzatu dute bertaratzeko gomita, topaketez gain hamabost urteak ere taldean ospatzeko.