argia.eus
INPRIMATU
Emakume sortzaileen “Nomadak gaitun!” azoka ibiltaria, larunbatean Laudion
  • Emakume sortzaileak biltzen dituen Dinagu kolektiboak azoka antolatu du martxoaren 12an, Aiaraldeko Faktorian (Laudio). Emakume sortzaileen lana bisibilizatzea eta sortzaileen beharretara egokitzen diren ekimenak sortzea helburu, “herriz herri sortzaileak batuko dituen plaza izan nahi dugu”.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 08a

“Nomadak gaitun!” azoka ibiltariaren laugarren geldialdia izango da larunbatekoa, elkarlanean antolatua. Moda, bitxigintza, ilustrazio, zeramika eta dekorarioaren arloan lanean diharduten 18 proiekturen erakusleiho izango da azoka, guztiak ere modu profesionalean lanean diharduten emakume sortzaileen proiektuak. Euskal Herrian, modu jasangarrian ekoiztutako lanak ezagutu eta erosteko aukera izango dela nabarmendu dute antolatzaileek, “bertan ekoiztutako produktuen eskaintza zabal bat badela erakutsiz herritarrei”.

“Plazako bizitzan sinesten dugu”

Emakume sortzaileen lana bisibilizatzeaz gain, elkarrekin ahalduntzea, egoeraz hausnartzea eta sortzaileen beharretara egokituriko ekimen berriak sortzea da Dinagu kolektiboaren asmoa. “Euskal Herrian sakabanaturik dauden sortzaileen elkargunea izateko sortu da, pixkanaka gure arteko sarea josi eta mugimendu oso bat bideratzeko asmoz”. Etengabeko eraldaketan dagoen mugimendua direla diote, “sormenaz gozatzeko espazio bizi bat”. “Plazako bizitzan sinesten dugu eta bertan sortzen diren zuzeneko harremanetan. Horregatik, sormenaren esparruan daukagun aukera zabala erakutsi nahi diegu herritarrei eta bide batez, egungo kontsumo ereduen inguruko hausnarketa eragin”.

Martxoaren 12an, 11:00etatik 18:00etara egingo dute azoka eta eguerdi eta iluntzean jantoki ekologikoa egongo da. 21:00etan, Maite Larbururen kontzertua izango da.