argia.eus
INPRIMATU
Emakume migratzaileen eskubideak aldarrikatzeko elkarretaratzea egin dute Bilbon
  • Migrazio politikak emakumeengan eta LGTBIQ+ kolektiboarengan eragiten dituen kalteak salatu dituzte, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak deituta.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko ekainaren 07a
Argazkia: OEE Bizkaia

Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak Bilbon kalera irteteko deia egin du larunbatean, Nizan antolatutako Europako jardunaldi feministaren harira. Dozenaka herritar bildu dira Europako migrazio politikak salatzeko, batez ere emakumeengan eta LGTBIQ+ kolektiboarengan eragiten dituzten kalteei ikusgaitasuna emanez. 

Emakumeak eta LGTBIQ+ kolektiboaren parte diren pertsonak dira migratzaileen artean zaurgarrienak. Horrela adierazi dute Bilboko elkarretaratzea deitu duten eragileek, Emakumeok mugak gaindituz izeneko manifestuan. Migrazio bidaian bortxaketak, pertsonen salerosketa edo organoen trafikoa jasan ohi dituzte, idazkiaren arabera, eta horietako askori Europan 2015. urtetik gogortu den migrazio politika eman die bide. Politika horrek “ekonomia mafiosoak, indarkeria eta mota askotako abusuak” ahalbidetzen dituela salatu dute.

Bereziki, emakume migratzaileek bizi duten egoera ekarri nahi izan dute argitara, politika berriek “kriminalizatu” egiten dituzten horiena. Eskubide berdintasuna aldarrikatu dute emakume guztientzako –izan migratzaile edo ez–, eta mugak gainditzeko deia egin dute: “Hauts ditzagun jendea hil, esplotatu, banatu eta kanporatzen duten mugak! Eraiki ditzagun guztiok eskubide berdinak izango ditugun herriak, auzoak, hiriak, herrialdeak!”.

Askatasunaren sinboloa

Elkarretaratzean kometak aireratu dituzte mugak desagertzeko duten nahiaren sinbolo gisa. Ez soilik herrien arteko mugak, baizik emakumeek orokorrean pairatzen dituzten muga legalak, laboralak eta beste.