Prentsaurrekoa egin dute Bizkaiko Emakumeen Asanbladaren egoitzan jasaten duten egoera bortitzaren berri emateko. Zapalkuntza esparruak anitzak izan arren, etxebizitzaren alorrean zentratu dute aldi honetan irakurketa: "Arrazakeria dela, klasismoa, pobrezia, etxebizitzaren espekulazio bortitzagatik, sabai bat izateko oinarrizko eskubidea arautuko duen legeen faltagatik, eta guzti hau gutxi bazen ere, funts, banku, higiezinen agentzi putreak tartean, pertsona migratuak beti baztertuta geratzen gara".
Lanaren esparruan pairaturiko esplotazio eta eskubide urraketak hamaika motatakoak dituzte emakume zaintzaile etorkinek. Baina horrez gain, lanean oren gehiegi eman ondoren –"gutxieneko kudeaketa egiteko denborarik gabe, 13-15 ordu bitarteko lanaldi amaigabeak 24 ordu ez direnean, kontziliatzeko egun libreen gabeziarekin"– bizitokian ere dute bazterketa eta indarkeria pairatzen. Hori salatzeko atera dira komunikabideen aitzinera Emakume Migratu Feministak-Sociosanitarias (EMFS) elkarteko kideak.
Ondokoa zabaldu dute martxoaren 3 honetan egindako prentsaurrekoan: "Etxebizitza eskuratzean ere, nola ez, baztertuta geratzen gara. Logelak edo pisuak alokatzea oso zaila denez, behin alokairuak lortuz gero erroldatzea debekatu egiten digute; tiraniak kontratu gabeziarekin jarraitzen du, erroldaren salmenta, egonkortasunik eza, intimitaterik eza, segurtasunik eza, eta abar luze bat. Horrek guztiak izugarri hondatzen du gutako askoren bizitza, emakume migratu eta arrazializatuena".
"Egoera itogarria" ezin jasanik, espazio "seguru" eta "bizigarriak" eskatu dituzte prentsaurrekotik. Hori lortzeko bidean, elkartasunerako deia luzatu diete herritarrei, eta zehazkiago "talde feministei, arrazakeriaren aurkako taldeei, sindikatuei, ezkertiarrei, gizarte-eraldaketan diharduzuen taldeei, alderdi politikoei, auzo-elkarteei, emakumeei eta langileei". Erresistentzia kutxan parte hartzeko aukera zabaldu dute, alokairu sarreren fidantzei aurre egiten laguntzeko zein bestelako gastuei aurre egin ahal izateko; eta horrez gain, etxerik edota pisurik izanez gero beraiekin harremanetan sartzeko deia ere egin dute.
Kolektiboko asko lan-kontratu beharretan izanik, zaintzaile bat behar izanez gero beraiei lotzeko deia luzatu dute: "Gutako askok lan-kontratu bat eskatzen dugu gizarte-errotzea kudeatzeko".
2020an osatu zuten Emakume Migratu Feministak-Sociosanitarias (EMFS) elkartea, eta gaur egun 250 bat emakumek osatzen dute kolektiboa. Batzuk Euskal Herrira iritsi berriak, beste batzuk urteak hemen daramatzatela, ia guztiek dute ordea etxebizitzaren arloan zapalkuntza eta bazterketa pairatzen.
2021ean egin zion ARGIAk elkarrizketa EMFSren bozeramaileetariko Maria Juncay (Loja, Ekuador, 1970) langile feministari: "Emakume migratu eta arrazializatuok gure gorputzekin ari gara sustengatzen publikoa beharko lukeen zaintza-sistema" zioen elkarrizketa horretan.