argia.eus
INPRIMATU
Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean, greban
  • Martxoak 8. Gipuzkoan, eraikuntzako hiru enpresa greban daude. Sei ordezkari sindikaletatik bi emakumeak dira. Lehen lerroan jarri dira lan baldintza hobeak eskatzeko.

ARGIA @argia 2016ko martxoaren 07a
Argazkian Jone Irureta eta Eva Salazar grebaren berri ematen. Argazkia: ELA.

Eraikuntza sektoreko enpresa da UTE Miramon, errepideen mantenuaz arduratzen da. ELA da sindikatu bakarra enpresa horretan eta hiru ordezkari ditu, Jone Irureta Azkune eta Eva Salazar dira horietako bi. Martxoaren 1az geroztik greban daudenez, buru-belarri ari dira lan horretan. Sindikatuko goi karguetako bat harritu egin da bi emakumeak lehen lerroan ikusita, “eraikuntza sektorean ari zarete, eta gainera, hedabideetan zuek ari zarete agertzen, sektore hori oso matxista da”. Irureta eta Salazar ez dira ordezkari sindikal bakarrak. Greban Gipuzkoako hiru enpresa (UTE Miramon, UTE Goierrialdea, eta UTE Urola-Deba) daude. Guztira sei ordezkari sindikal dira, eta bi emakumeak.

Hiru enpresetan 95 langile ari dira beharrean eta 15-20 bat dira emakumeak. Errepidean lanean ari den emakume bakarra da Eva Salazar elektrikaria. Enpresotako kontserbazio eta ustiaketa nagusiei dagokienez, hiruretatik bi emakumeak dira, bat telekomunikazioetako ingeniaria eta bestea bide eta portuetako ingeniaria. Goi-mailako ingeniari eta ingeniari tekniko ia denak emakumezkoak dira.

Greban jarraitzeko asmoa dute, eraikuntza sektorean daude eta haien ustez, bestelako bereizgarriak ditu haien lanak: arriskua, urtearen 365 egunak eta egunaren 24 orduak bete beharra, eta guardiak. Hitzarmen berezia eskatzen dute, eta kontuan hartzea sei urte daramatzatela soldata izoztuta.

UTE Miramon enpresako Salazarrek eta Iruretak lan bikoitza egiten segituko dute aste honetan ere. Lehena guardian egongo da, larrialdiren bat bada errepideetara ateratzeko prest, eta egunean zehar grebalari trajea jantziko du. Bigarrenak gauez egingo ditu zortzi ordu lan, errepideak ikusteko balio dien pantailei begira (zerbitzu minimoak bete egin behar baitira) eta egunez Salazarren ondoan grebari eutsiko dio. Gaur, Martxoak 8, egun berezia izango da bientzat, ELA sindikatuak Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna dela-eta Donostiako Kursaalen egingo duen ekitaldian hartuko dute parte.