argia.eus
INPRIMATU
Emakume komikilari talde baten eskutik, kalean da bigarren ‘Tupust!’ liburua
  • 2019an argitaratu zuten lehenengo liburua, eta oraingoan bigarrena egin dute. Eskaerak egin daitezke.

Kronika 2021eko abuztuaren 16a
Ainara Azpiazu 'Axpi', liburuko egileetako bat.

Ainara Azpiazu Axpi hernaniarrak Tupust! liburuaren bigarren zatia kaleratu berri du, beste hainbat emakume komikilarirekin batera. 2019an argitaratu zuten lehenengo liburua, eta oraingo honetan bigarren edizioa edo zatia da plazaratu dutena. Autoedizioaren aldeko apustua egin dute, eta salgai jarri dute 18 euroan. Axpik azaldu duenez, irailaren 30era arte egongo da zabalik eskaerak egiteko epea: «liburuaren bidalketak urriaren hasieran egingo ditugu, eta urriko lehen asteetan zuekin izango duzue», aipatu du Axpik.

Komiki liburua labetik atera berri dute eta ilusioz gainezka daude jendeak irakurtzeko eta iritziak jasotzeko: «txukuna dator alea, eta orain falta zaigun bakarra da irakurleek eskuratzea, iritziak entzuteko irrikatan baikaude!». Gainera, aurreratu dute liburua erosten duten lehen 200 lagunentzat Axpiren postal bat datorrela opari.

 

 

Gonbidatu berriak, bigarren liburuan

«Lehen alea kaleratu genuenetik bi urte pasa dira eta liburua poliki-poliki sukaldatzen aritu gara denbora honetan», kontatu du Axpik. Guztira, hamazazpi lan bildu dituzte antologian, 21 egilerenak: «errepikatzen dugunok, alea aurrera ateratzeko barne talde batean lanean aritu gara bi urte hauetan». Hori ez ezik, bigarren zati honetan hamar egile gonbidaturen lanak ere bildu dituzte.

Aurreko liburuan ni-aren ardatzean aritu ziren; eta orain, berriz, zu-a izango da erdigunea. «Proiektuari forma ematen hasi ginenean, luzera begirako planteamendua egin genuen, eta lehen alerako gaiak segida izateari atea zabaldu nahi genion, ale gehiago etortzea polita izango zelako. Oraingoan, zu-a hartu dugu gai. Horrelako gai batek askorako eman dezake, konkretua izan arren oso modu zabalean ulertua izan daitekeelako; sortzekoan bidea markatzen duena, baina oso bide zabala, norberaren adierazpenari toki egiten diona», deskribatu du hernaniarrak.

Eta koloreei dagokienez ere gauza bera gertatu dela azaldu du. Urdina eta laranja aukeratu dituzte elkarren «osagarri» direlako; «iruditzen zaigu horrek lanari identitatea emateaz gain, batasuna ere ematen diela barruan egon daitezkeen estilo ezberdinei».

Lotura honetan eskatu daiteke liburua: https://tupust.bigcartel.com/product/tupust-zu-aurresalmenta