Hernaniko bost emakume kirolari dira Hernaniko Emakume Kirolariak dokumentalaren protagonista.
Hernaniko Udaleko Kirol eta Berdintasun Sailak bultzatu du 13 minutuko dokumentala, Jarduera Fisikoa eta Kirol Sailarekin elkarlanean.
Herriko emakumeak dira dokumentalaren protagonistak eta helburua da “emakumeok jarduera fisikoarekin eta kirolarekin dugun harremana ikustaraztea”, azaldu du Esti Aldeiturriaga Jarduera Fisikoa eta Kirol zinegotziak.
Bideoan ageri dira Ainhoa Azurmendi Aventoko kirol aholkularia, Kristina Iriberri palista, Eva Esnaola ultrafondoko atleta, Miren Lopez arraunlaria eta Jenny Perlaza Jarduera Fisikoa eta Kirolean lizentziatua. “Bost emakume aukeratu ditugu, hainbat adin eta profilekoak, eta bakoitzak bere esperientziaren berri eman digu”, adierazi du Aldeituarriagak.
“Jendarteak jartzen dizkigun oztopo guztien gainetik, ehunka emakume gara Hernanin kirola eta jarduera fisikoa egiten dugunak. Emakume horientzako eta emakume horien omenez egin dugu bideo hau”, adierazi du Garazi Etxarri Berdintasun zinegotziak.
Dokumentalaren aurkezpena eta mahai ingurua Sandiusterrin
Dokumentala ostegunean aurkeztuko du Udalak Sandiusterrin, 18:00etan, eta mahai-ingurua izango da ondoren. Bertan hartuko dute parte Ainhoa Azurmendi Etxegarai Avento enpresako kirol aholkulariak, Kontxi Ormazabal korrikalariak, Garbiñe Tijero CD Hernaniko pala saileko arduradunak eta Patri Espinar EMAKeko kideak. Irati Sarasuak dinamizatuko du.
Dokumentalaren trailerra: