argia.eus
INPRIMATU
Emakume katedradunen kopurua nabarmen handitzea izango da EHUren helburua datozen lau urteetan
  • Lan kategoria altuenetan %22 dira emakume katedradunak gaur egun, eta soldata arrakala %7koa da. Berdintasunerako IV. Plana aurkeztu dute, eta Eva Ferreiro errektoreak adierazi du EHU “erreferentea” dela genero politiketan.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko uztailaren 23a
Aitor Zurimendi, Eva Ferreiro eta Elena LeiƱena planaren aurkezpenean, astelehenean. Argazkia: EHU

Datozen lau urteetarako helburu nagusi hauek ditu EHUk, genero berdintasunari dagokionez: Emakumezko katedradunen eta irakasle osoen ehunekoa %40 ingurukoa izatea; soldata arrakala erdira murriztea; eta, azkenik, prestakuntza eta ikerketan "erreferente izaten jarraitzea euskal gizartean", genero indarkerien aurkako borrokan ere, beraien protokoloa indartuta. Horretarako, bokazio zientifikoak sustatu nahi dituzte nesken eta emakumeen artean, rolak deseraikita.

Berdintasunerako IV. Plana aurkeztu dute Eva Ferreiro EHUko errektoreak, Aitor Zurimendi idazkari nagusiak eta Elena Leiñena Berdintasunerako zuzendariak, astelehenean. Plan berri hori 2028ra arte egongo da indarrean. Errektoreak adierazi du EHU “erreferentea” dela genero politiketan. “Era berean, aniztasunari dagokionez, LGTBI+ tematikako lanak sustatzen ditugu, eta pertsona transen eta ez bitarren izena aldatzeko protokoloa onartu dugu”.

Euskal Herriko Unibertsitatean berdintasuna aztergai izan duen diagnostiko batetik sortu da berdintasuneko plan berria. Azterketa horretan agertzen da emakumeak gehiengoa diren disziplinak Osasunari, Hezkuntzari eta Gizarte Zientziei loturikoak direla; eta gutxiengoa, Zientzia, Teknologia eta Ingeniaritza alorretan. Lan kategoria altuenetan gutxiengo nabarmena dira emakumeak, katedradunen %22, hain zuzen. EHUk aurreikuisi du Berdintasunerako IV. Plana garatzeko 2,5 milioi euroko aurrekontua erabiliko duela.