argia.eus
INPRIMATU
Emakume izateagatik garestiago
  • Emakumeei zuzenduriko produktuak garestiagoak dira, gizonezkoei zuzenduriko produktu berdinekin alderatuta. “Zerga arrosa” deiturikoa ikertu du Georgette Sand fundazio frantziarrak, supermerkatuetako diskriminazio garbia azaleratuz.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2014ko azaroaren 24a
Neskei/emakumeei eskainitako produktuak garestiagoak dira, genero marketinak hala erabakita.

Osagarri berdinak dituen desodorantea emakumeei zuzendutako ontzian doanean garestiagoa da, gizonentzako desodorantea baino. Neskentzako bizikleta arrosa ere garestiagoa da mutilentzako bizikleta urdina baino. Haurrentzako jostailuak, higieneko produktuak, kosmetikoak, arropa… garestiagoa da “emakumeentzat” etiketapean doanean, “gizonentzat” etiketapean baino. Hala ondorioztatu du Monoprix suspermerkatu katean eginiko ikerketak, eta oso antzeko emaitzak lortu zituen Forbesek ere, ikerketa AEBetan egin zuenean.

Diskriminazioa bikoitza da, lan berdina egiteagatik emakumeek enpresetan gizonek baino gutxiago irabazten dutela baitiote datuek.

Generorik gabeko produktuak soluzio

Konponbide erraza du aferak: erosi bizikleta urdina alabari, hartu kaxa beltzaren barruan doan desodorantea. Azken finean, genero marketin estereotipatua da produktuak ezberdintzen dituena, eta Amelia Barquinek Txankleten eta galtzerdian sexuaz idatzian dioen moduan, beharrezkoa al da produktuei generoa markatzea? Baina Georgette Sand fundazioak kritikatu duenez, supermerkatu hauek stand eta pasillo ezberdinetan kokatzen dituzte emakumeei eta gizonei zuzendutako produktuak, “prezioen konparaketa egin ez dezaten, beharbada”.

Diskriminazio hau salatzeko eskaera bideratu dute Change.org plataforman eta dagoeneko 44.000 atxikimendu baino gehiago lortu ditu. “Genero marketina muturrera eramateak, emakumeak iraintzeaz gain erakusten du zein modu subjektiboan finkatzen dituzten salneurriak ekoizle eta banatzaileek”.

Hona ikerketaren hainbat adibide, Woman Tax webgunetik hartuak: