argia.eus
INPRIMATU
Emakume indigena batzuek okupatu dute Argentinako Barne Ministeritzaren egoitza
  • Asteazkenean abiatu zuten hainbat emakume indigenak Buenos Airesko Barne Ministeritzaren egoitzaren "okupazio baketsua". Maputxe, Maputxe-Tehueltxe, Qom, Moqoit, Mbya-Guarani eta Tapiete herrietako kideak ari dira parte-hartzen. Haien salaketa, eskaera eta proposamenak arduradunek lehen eskutik entzun arte han geratuko direla adierazi dute.

Axier Lopez @axierL 2019ko urriaren 11

Moira Millan maputxea da okupazioa egiten ari diren kideetako bat. Haren esanetan, beren lurrak ustiatzen jarraitzeko empresa multinazionalak sikarioak kontratatzen ari dira, “bortxatzen gaituzte, hiltzen gaituzte” azpimarratu du. “Historikoki arrazista den Argentinako Estatuak ez baitu plurinazionalitatea onartzen”. Era berean, gobernuari kritika zuzena egin diote komunitate indigenen militarizazioagatik, eta horrek eragin dituen “hainbat kideren desagerpen eta torturengatik”.

“Ankerkeria hauek“ gehien jasaten dutenak emakume indigenak direla adierazi dute Lore indigenen matxinada izeneko komunikatuan. “Gure komunitate askotan ez dago urik, arropak garbitzeko hiruzpalau kilometro ibili beharra daukagu, gure sendientzako janaria kozinatzea ia ezinezko bihurtu da, presatutako eta kutsatutako ibaiak, suntsitutako basoak, hildako oihanak”.

Aldian aldiko polititikarien aurrean men ez egiteko deia luzatu dute, “guretzat ez baitago pertsona liderrik, beren etorkizunaren alde buru diren herriak baizik. Bizitza ez da negoziatzen”.

Gaur, urriaren 11n, "Amerikako azken askatasun eguna" oroitzeko baliatu dute. Gaurko egunez ere, Barne Ministeritzako funtzionario batekin hitz egiten dute eta adierazi dienez, esandakoak Rogelio Frigerio Barne ministroari helaraziko dizkiola agindu die.