argia.eus
INPRIMATU
Emakume ijitoen aurkako indarkeria espezifikoez hausnartzeko kongresua egingo da Bilbon
  • Genero Antigitanismoaren Nazioarteko I. Kongresua egingo da Bilbon urriaren 3tik 5era. AMUGE Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteak eta Romi Berriak elkarteak antolatu dute, genero antigitanismoa kontzeptuaren definizio bateratua adosteko, eta esperientziak, ezagutzak eta estrategiak partekatzeko.

Amaia Lekunberri Ansola 2022ko irailaren 30

Urriaren 3tik 5era bitartean, Europako eta Erdialdeko zein Hegoaldeko Amerikako ekintzaile erromaniak Bilbon bilduko dira, Genero Antigitanismoaren Nazioarteko I. Kongresuan. AMUGE Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteak eta Romi Berriak elkarteak antolatu dute bilkura, genero antigitanismoaren inguruan hausnartzeko eta estrategiak partekatzeko.

Gizarteak ezagutzen ez duen eta emakume ijitoak oraindik eraikitzen ari diren kontzeptua da genero antigitanismoa, antolatzaileek azaldu dutenez. Zehazki, emakume ijitoek pairatzen duten arrazakeria edo diskriminazioa espezifikoari egiten dio erreferentzia, eta "analisi kategoria honek emakume ijitook bizi ditugun indarkeria transistemikoen salaketa ahalbidetzen du". Oraindik eraikitze prozesuan den kontzeptua izanik, kongresuaren helburuetako bat izango da genero antigitanismoaren definizio bateratua adostea, horren adierazpenak zehaztea eta nola aurre egin identifikatzea.

AMUGE elkarteko Tamara Claveríaren hitzetan, ezinbestekoa da emakume ijitoen aurkako indarkeria espezifikoa kontzeptualizatzea beren eskubideak aldarrikatu eta gauzatu ahal izateko. Hala bada, horri eskainiko diote arreta, esperientzien, ezagutzen eta estrategien partekatzeari ere tokia eginez.

Claveríaren ustez, "kongresua aukera bikaina da genero antigitanismoaren aurkako borrokan nazioarteko aliantza sendotzeko". Ijito feministentzat garrantzia handiko hitzordua delakoan dago, baita Euskal Herriko mugimendu feministarentzat ere, zeinari eskatuko dioten "gure aliatuak izateko konpromisoa, elkarrekin berdintasunean eta aniztasunean oinarritutako gizarte anitza eraikitzeko".

Horrez gainera, kongresuan adostutako definizioek eta ondorioek eragin zuzena izango dute Antigitanismoaren Aurkako Euskal Itunean, itunaren oinarriak ezartzen lagunduko baitute, Claveríaren ustez. Azaldu dutenez, "itun hori Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak iragarritako konpromisoa da, 2022-2026 aldirako Ijito Herriarekiko Euskal Estrategiaren barruan".

Hiru egun genero antigitanismoan sakontzeko

Hiru eguneko egitaraua barnebiltzen du kongresuak, eta Occidental Bilbao hotelean egingo du hasi eta buka. Lehen bi egunetan espazioa ez-mistoa izango da: ijitoentzat baino ez da izango (lehen egunean emakume zein gizon ijitoek parte hartu ahalko dute, eta bigarren egunean emakume ijitoek soilik). Hitzaldiek beteko dute lehenbiziko eguna. Bigarren egunean, aldiz, bost lantaldetan banatuko dira parte hartzaileak, bizitzaren hainbat eremutan bizi dituzten genero antigitanismo adierazpenei buruz hausnartzeko. Hirugarren egunean kongresuko analisi eta ondorioak ezagutaraziko dira eta herritar orok parte hartu ahalko du.

Interesa duenak, AMUGE elkartearen sare sozialetan aurkitu dezake egitaraua osorik.