argia.eus
INPRIMATU
Emakume ijitoen aurkako bi diskriminazio kasu salatu dituzte Bilbon
  • Neska gazte talde bat jarraitu eta inguratu dute lurrin denda batean, eta langileetako batek ijito izateagatik jarraitu izana onartu die, grabaketa batean jasota dagoenez. Arropa denda batean, aldiz, polizia talde batek bi emakume ijito aldageletara eraman eta inolako azalpenik eman gabe biluzarazi ditu, miaketa egiteko. Urtarrilean Bilbon gertatutako jazarpen kasuak dira biak, eta horien bidez zazpi emakume diskriminatu dituztela salatu dute AMUGE Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteak eta Romi Berriak ijito gazteen elkarteak.

ARGIA @argia 2023ko otsailaren 13a
AMUGEko Tamara Claveria ezkerretara, eta diskriminazio jasan duen Manuela Vega eskuinetara (Argazkia: AMUGE / Romi Berriak)

AMUGE Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteak eta Romi Berriak ijito gazteen elkarteak agerraldia egin dute astelehen goizean, ijito izateagatik zazpi emakumek pairatutako diskriminazioa salatzeko. AMUGEren egoitzan bildu dira, eta AMUGEko arduradun Tamara Claveríak eta diskriminazioa jasandako zazpi emakumeetako batek, Manuela Vegak, eman dute gertakarien berri.

Urtarrilean jazotako bi kasu eman dituzte ezagutzera, Bilboko denda banatan gertatutakoak. Lurrin denda batean izan zen bata, eta 17 eta 21 urte bitarteko neska gazte taldea da kaltetua. Gazteek kontatu dutenez, dendako langile batek atzetik jarraitu zien, "barrezka eta jazarpen-jarrera argiarekin". Hori gutxi ez, eta jarraipenari batu zitzaizkion langile gehiago, neska taldea zazpi langilek inguratzeraino. Beren burua egoera horretan ikusirik, gazteek erreklamazio-orria eskatu zuten, eta behin dendatik ateratakoan AMUGEra jo zuten gertatutakoa salatzera. Kaltetuek audio bat grabatu zuten jazarriak izan ondoren, eta bertan entzun daiteke nola onartzen duen langileetako batek ijito izateagatik jarraitu dituela, bezperan emakume ijito batek lapurtu egin zuela argudio gisa erabilita.

Bigarren diskriminazio kasua arropa denda batean jazo zen. 30 urte inguruko bi ahizpa dendan zeudela "sei bat" polizia agente agertu ziren, eta bikotea aldageletara eraman zuten. Inolako arrazoirik eman gabe biluzarazi egin zituzten, barruko arropetan utziz, miaketa egiteko. Erasoa jasandako emakumeek kontatu dutenez, agenteei galdegin zietenean ea ijito izateagatik ari ziren horrela jarduten, mehatxu batekin erantzun zien horietako batek: arrazista izatea leporatzeagatik salatuko zituela erantzun zien, zehazki.

AMUGE eta Romi Berriak elkarteek azpimarratu dute bi kasuetan "larrituta, jazarrita, jendaurrean lotsatuta eta estigmatizatuta" sentitu direla diskriminazioa pairatu duten emakumeak. Gertakari isolatu izatetik urruti, "enpresa-kultura baten isla" direla ere azpimarratu dute, zeinak barneratuta daukan ijitoak susmagarritzat jotzea. AMUGEk 2021ean egindako ikerketan oinarritu dira baieztapena egiteko: testing metodologia baliatuz, Bizkaiko hogei establezimendutan sartu ziren, eta horietako hamaseitan ijitoen aurkako aurreiritzietan oinarritutako jarrerak antzeman zituzten langileengan.

Salaketa publikoa egitearekin batera, kexa administratiboak eta zigor arloko salaketak ere jarri dituzte. "Merkataritza-establezimenduetako kontratazio-politikek eta jendearentzako arreta-politikek pertsona guztientzako berdintasun- eta errespetu-tratua bermatzea eskatzen dugu, eta enpresek aurreiritzi arrazistetan oinarritutako jarduerak prebenitzeko eta horietan esku hartzeko protokoloak izatea. Ardura horiek argi zehazten ditu Espainiako Estatuko 15/2022 Lege Integralak, tratu-berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzkoak", adierazi dute bi elkarteek.