argia.eus
INPRIMATU
Emakume feminista eta antiarrazista erreferenteen ekarpenak plazaratuko ditu Gobara podcastak
  • Feminismoaren alde eta arrazakeriaren eta inperialismoaren aurka egin duten emakumeen inguruko podcasta sortu dute. Ana Iruretagoiena kazetariak gidatuko ditu saioak eta entzungai dago lehen atala, Simone de Beauvoir filosofo frantziarraren ingurukoa

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 09a

Gobara podcasta sortu du Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministak, genealogia feministetan barrena bidaiatu eta bidea urratu duten emakumeez aritzeko. Hilabetero argitaratuko dute saio bat, eta Kulturarteko Plaza Feministako gela bakoitzean dauden emakume erreferenteak izango dituzte hizpide. Hilero hizpide hartuko duten emakumeak egindako ekarpenen inguruko elkarrizketa bat, kultur proposamen bat eta ekarpen horiek gaur egungo eztabaida, errealitate eta duten proposamenekin duten lotura bilduko ditu saioak.

Ana Iruretagoiena kazetariak gidatuko du nagusiki euskaraz izango den saioa, eta Hernaniko kontuez gain haragokoez ere arituko direla azaldu dute aurkezpenean. Izan ere, bidelagun zein elkarrizketatuetako asko Hernanikoak izango dira, baina Euskal Herri osoan interesa piztuko duten pertsonak eta gaiak jorratuko dituzte.

Aurreratu dutenez, ikasteko, pedagogia feminista egiteko, desikasteko, gogoetatzeko, ongi pasatzeko, barre zein negar egiteko, amesteko, eraldatzeko, aitortzeko eta ezagutzeko espazioa izango da Gogbra podcasta: “Trapu zikinak ez ditugu etxean garbituko eta aireratuko egingo ditugu”.

Horixe baita Gobara, garai bateko emakumeek arropa garbitzera joatean buru gainean zeramaten jantzia. Azaldu dutenez, hitz horren erabilera galtzear zegoenean berreskuratu zuen Maialen Lujanbiok 2009ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa irabazi zuenean.

Lehen atalean, Simone de Beauvoir

Simone de Beauvoir filosofoari buruzkoa da lehen atala eta entzungai dago dagoeneko. Irene Arrarats elkarrizketatu du Ana Iruretagoienak, Beauvoirren Bigarren sexua liburuaren itzultzailea. Horrez gain, bere ekarpenak gaur egungo mugimendu feministan duen oihartzunaz azaldu du Maider Barañano soziologoak. Kultur proposamen modura, 'Bigarren Sexuaz Collage' film laburra izan dute hizpide, egileetako bat den Nora Alberdiren eskutik.

Entzun hemen: hernani.eus