Sari nagusia, Ikusleen Saria, lortu du Chiara Andrich eta Giovanni Pellegrini italiarren Bring the Sun Home dokumentalak, Donostiako Giza Eskubideen XIII. Zinemaldian.
Baliabiderik ez duten mundu osoko emakumeei eguzki-panelak nola jarri erakusten diete Indian. Ondoren, emakume horiek euren herrietara itzuli eta bizimodu hobe baterako printza oparituko diote komunitateari: eguzkitik lortutako argindarra.
Gauza txikiek gauza handiak lor ditzaketela, oinarritik, gizartea hobetu eta aldatzeraino, hori dokumentalak jaso duen istorioa, zinemaldiko zuzendari Josemi Beltranek azpimarratu duenez.
Tonje Hessen Schei-en Drone pelikulak (Norvegia-Danimarka) irabazi du Amnesty International erakundeak erabakitako garaikurra, eta Suitzako Christophe M. Saber zuzendariaren Discipline film laburrak berriz, gazte epaimahaiaren saria.
Lourdes Portillo zinegile mexikarra omendu du aurten zinemaldiak. Portillok harro aldarrikatu du beti chicana izaera, gazte hasi zen dokumentalgintzan eta 1979an zuzendu zuen bere lehen filma: Después del terremoto, nikaraguar etorkin gazte batek Kalifornian duen bizimoduaz.
Bere pelikulak dira, besteak beste, Las Madres de la Plaza de Mayo, The Days of the Dead, EI diablo nunca duerme, Corpus: A Home Movie for Selena, Señorita extraviada eta Al más allá.