Emakume pentsiodunen Oneka elkartea Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidarekin bildu da. Prestazioetan gizon eta emakumeen artean alde handia dagoela salatu dute.
Gizonezkoak bizitza osoan zehar soldata hobea izatearen ondorioz, eta etxean lanean aritu diren emakumeek kotizatu ez izanaren ondorioz, “sekulako aldea dago gizonezkoen eta emakumezkoen prestazioen artean”, nabarmendu dute pentsionistek. Landaidak adierazi du %40 ingurukoa dela alde hori, ikerketa batzuen arabera.
Eusko Jaurlaritzak aurten Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta %2,25 igotzeko asmoa du, eta Onekak positiboki baloratu du. Hala ere, ez da nahikoa: “Premiazko gutxiengoa diren 1.080 euroetatik oso urrun gaude oraindik”.
Indarkeria matxista, adin-tarte guztietan areagotzen
Emakume helduen aurkako indarkeria matxista kasuak areagotzen ari direla ere jakinarazi dute, bai senarraren, bai semearen aldetik. Larritzekoa dela esan dute: “Gizartearen arazo globala da, eta asko aipatzen ez den arren, biktima kopuru esanguratsu bat da emakume helduona”.
Emakundeko zuzendariak iragarri du emakumezko pentsiodunen kolektibo gehiagorekin bilduko dela datozen asteotan, kezkak eta eskaerak bateratzeko asmoz.