argia.eus
INPRIMATU
Sail Ofizialetik harago
Emakume erretratuak
  • Igandeko Zinemaldia euritsu esnatu da; atzo baina hutsagoak kaleak, eta loago aurpegiak. Norbera hasi da neurtzen zein ordutan egin behar diren ilarak, aretoko zein eserleku gustuko duen bakoitzak, eta zenbat dezibeleko soinua aguantatzeko gai den. Lehen egunetako Zinemaldia heldutzen ari da.

Ainhoa GutiƩrrez del Pozo 2019ko irailaren 23a

Hiru orduz mantendu du adi Antzoki Zaharra Di jiu tian chang film txinatarrak. Perlak sailean ikusi ahal izan den Wang Xiaoshuairen lanak 80ko hamarkadako Txinan du testuingurua eta gaur egungo garaietara arte garatzen da. 3-4 hamarkada horietan zehar igarotzen den denborak filmaren erritmoa fidel mantentzen du, urteetan sakondutako istorioak tarte hori eskatuko balio bezala fikziozko lanari. Haurra hil egiten zaio Beijing inguruan bizi den bikote bati, eta filmak hutsune horrekin bizitzen duten zikloa kontatzen du, eta min horrek sortutako ondorioak. Protagonisten hariaren paraleloan sumatzen dira Txinak herrialde gisa bizi dituen aldaketa ekonomiko eta sozialak, istorio nagusiari testuingurua eta esanahia ematen diotenak. Gidoia ez da kronologikoki azaldua, aurrera eta atzera doazen saltoen bitartez baizik, eta hartara, ikuslegoaren arreta lanean behartzen du, emanak ez diren gakoekin gertaerak lotzeko. Konplexutasun psikologiko handiz eraiki dira pertsonaia nagusiak, eta aretoarekiko lotura azkar egina da. Haurra galdu duen emakumearen paperak pantaila zeharkatzen du eserlekuetara arte.

Ez du sakontasun maila bera mantentzen, ordea, Fyzal Boulifa zuzendari ingelesak Opera Prima duen Lynn + Lucy lanean. Zuzendari Berriak sailean ikus daitekeen lan honek aurrekoarekiko antz handia duen gaia izan arren, hau da, haurra galtzen duten gurasoena (badirudi modan jarri dela gaia, hiru egunetan hiru aldiz errepikatu baita), ez du txinatarrak sortzen duen sakontasunarekin zerikusirik. Boulifaren filmeko pertsonaiak lauak dira, eta konduktibistegia gertatzen den kausa-ondorio kutsua du. Txikitatik lagun minak izan diren Lucy eta Lynn banatu egingo ditu bigarrenaren haur jaioberriaren heriotzak. Honek agerian utziko ditu, era berean, iraganeko minak. Lynnek gorputzarekiko dituen segurtasun ezak, eta Lucy beti distiratsuago azaltzeak eragindako amorruak mendekurako bidera eramango du. Gidoiak filma ohiko gatazka topikoetan kokatzeaz gain, amaierako mezu ez oso argian uzten gaitu: lagunak faltsuak dira, beraz, ez fida? Haurrak galtzea gogorra da baina ingurukoek ez zaituzte laguntzen? Fisikoki edertzeak bizitzan lorpenak izatera garamatza? Etikoki gehiegi konektatzera ez garamatzan lana, behintzat.

Aurreko bi lanekin ezberdin, baina emakume erretratatuaren linea horretan halere, Zinemira sailean ikus daitekeen lan bat: Maider Oleagak Elbira Zipitriarekin topatzea kontatzen du Muga deitzen da Pausoa luzemetraian. Duela urte batzuk kasualitatez iritsi zen Oleaga Orixe ikastolako sortzaile izan zenaren etxera bizitzera, eta topaketa horretatik sortzen da proiektu intimo hau. Bere etxera sartzeko gonbita luzatua digu Oleagak, bi emakume eta bi garaien artean lausotzen zaigun ikusmuga sentitzera. Ez dago argi non hasten den bat, eta non bukatzen bestea: zuzendariaren egunerokoa irakaslearen arrastoarekin nahasten da. Etxe barneko perspektiba ezberdinetatik abiatuta ikusten ez denaren narrazioa sortzen da. Soinuak dakar kanpokoaren presentzia, batetik; bestetik, Zipitriaren inguruko oroitzapen eta kontakizunek. Argi eta itzalen jokoek, paretetako proiekzioek, altzari zaharren batek... orainean Zipitriak duen parte hartzea islatzen dute. Super 8an filmatutako irudiek, bestalde, Elvira beraren begietara gerturatzen gaituzte. Lanak errepresentatzea helburu duena ez da nabarmena bortxaz, gailua aurkitu beharra dago, eta iruditzen zaigu Oleagak 7 urteko ikerketa prozesu honetan topatu duela bizikidearen berri emateko modu fina. Filmaren hizkuntza.