argia.eus
INPRIMATU
Emakume errefuxiatuak omenduko ditu Arabako Foru Aldundiak martxoaren 8an
  • Emakume errefuxiatuak izango dira protagonista Araban, Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira. Foru Aldundiak Emakume errefuxiatuak munduari aurre eginez kanpaina antolatu du. Hainbat ekintzaren bitartez emakume hauen egoeraren berri eman nahi dio arabar gizarteari, eta harrera eta babesaren inguruko konpromisoa berretsi.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko martxoaren 02a
Siriako emakume errefuxiatua (Arg.: Reuters)

Ekitaldi nagusia martxoaren 4an izango da, Artium museoan. Araban bizi diren hainbat emakume errefuxiatuk parte hartuko dute, Alma Saavedra Mugarik Gabeko Medikuen Euskadiko ordezkariarekin eta Joxerramon Bengoetxea EHUko irakaslearekin batera. Emakume errefuxiatuen esperientziak erakutsiko dituzte bideo proiekzio baten bitartez.

Emakume errefuxiatuak munduari aurre eginez mezua kalera eramateko asmoa du Aldundiak. Indarra, ausardia, itxaropena, elkartasuna, ahalegina edo kemena bezalako kontzeptuak zabaldu nahi ditu kanpaina batekin.

2015 urtearen amaieran ia 64 milioi lagunek utzi behar izan zuten euren bizilekua, ACNUR (Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisioak) erakundeak jakinarazi duenez. Horien erdia emakumeak eta adingabeak ziren. Hauen zaurgarritasun egoera azpimarratu du erakundeak, oinarrizko eskubideen urraketak sufritzen dituztelako, bai jatorrizko herrialdeetan baita helmugakoetan ere.