The perfect body kanpaina abiatu du Victoria’s Secret lentzeria kateak, bere iragarkian ageri diren modelo argalek gorputz perfektua dutela iradokiz. Mezu horren aurkako eta gorputz eredu anitzen aldeko mugimendua sortu dute herritarrek.
“Zeinek eman dio Victoria’s Secreti eskubidea gorputz perfektua zein den erabakitzeko? Utzi diezaiogun gure gorputzaz lotsatzeari!”, irakur daiteke Twitter-en, #IAmPerfect etiketapean sareratzen ari diren mezuen artean. Helburua: emakumeei helarazten zaien “mezu ezkorra eta osasunerako kaltegarria” salatzea, eredu errealagoak erakutsiz.
Change.org plataforman sinadura bilketa ere abiatu dute hiru ikasle britainiarrek eta dagoeneko 20.000 atxikimendu baino gehiago bildu dituzte. Kateak barkamena eskatzea eta “marketin kanpaina arduragabea konpontzea” nahi dute, euren produktuak erosten dituzten neska gazteen “autoestimuari eta euren gorputzaz duten ikuspegiari kalte egin diezaiokeelako”.