argia.eus
INPRIMATU
Emakume bortxatuari hankak “ongi itxi” al zituen galdetu dio Gasteizeko epaile batek
  • Sexu erasoa salatzera joan zen biktimari “hankak ongi itxi al zenituen? Organo femeninoen atal guztiak itxi al zenituen?” gisako galderak egin zizkion Gasteizko epaile batek. Salatu egin dute epailea.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2016ko martxoaren 07a

Tratu txarrak eta sexu erasoak jasan zituen emakumea egoera salatzera eta babes neurriak eskatzera gerturatu zen, joan den otsailaren 16an, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Gasteizko 1. Epaitegira.

Bertako epaile María del Carmen Molinak hitzordua baino lau ordu beranduago hartu zuen biktima eta estuki itaundu zuen. Hala jakinarazi du Clara Campoamor elkarteko presidente Blanca Estrellak: “Salatzailearen testigantza ez sinestea izan zen epailearen aurretiko jarrera, ez zion erantzunak bukatzen utzi, galdera iradokitzaileak egin zizkion eta haren deklarazioa baldintzatu zuen. Erasoen aurrean erresistentziarik jarri al zuen galdetu zion eta hitzez hitz esan zion ea hankak ongi itxi al zituen”.

Bideoz grabatua dago deklarazioa.

Bigarren aldiz biktima bihurtuak

Jarrera hori “mingarria, iraingarria eta umiliagarria” delako eta “biktimarenganako gutxieneko portaera profesional eta etikorik” ez duelako batetik, eta epaile honek indarkeria matxista jasaten duten emakumeen “eskubideak etengabe urratzen” dituelako bestetik, salaketa jarri du Clara Campoamor elkarteak.

Izan ere, kasua ez da isolatua eta “ohikoa” da epailearen portaera hori, emakume ugari kexatu baitira dagoeneko, “bigarren aldiz biktima bihurtzen dituelako”.

Gasteizko epaileak “beldurraren kultura” sortu duela dio elkarteko presidenteak, emakume askok ez duela epaitegi horretan deklaratu nahi. Egoera “oso larri hau” konpontzeko beste bide batzuk agortu dituztela ikusita, epailea zigortzeko eskatu du emakumeen eskubideen aldeko elkarteak.