argia.eus
INPRIMATU
Emakume bortxatuari babesa helarazteko elkarretaratzea egin dute Kanbon
  • Talde bortxaketa pairatu zuen Kanboko emakume batek, ekainaren 1a eta 2a arteko gauean. Emakumeari babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute asteartean, 19:00etan, Kanboko herriko etxearen aurrean. Bertan indarkeria matxistari aski dela esatearekin batera, eraso orori erantzuteko beharra azpimarratzen dute.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko ekainaren 05a

Bortxatzaileek emakumea gela batean giltzapetu, eta gainera, pistola batekin mehatxatuz bortxatu zuten. Emakumeak hiru gizonak lo zeudela lortu zuen ihes egitea. Biktimak berehala jarri zuen salaketa, eta hiru gizonak atxilotu zituzten Akizen (Landak).

Céline Bucau, Akizeko prokuradoreordea, tentuz mintzatu da gaiaren inguruan, “ustezko biktima berriz entzuten ari dira, eta oraindik goizegi da zerbait baieztatzeko; gertakariaren xehetasunak ez daude argi oraindik. Ondorengo egunetan argiago ikusi behar genuke, ikerketa hasi besterik ez da egin”, gehitu du Bucauk.

France Bleu irratiak dioenez, ez da lehen aldia Coco.gg harremanetarako aplikazioa antzeko erasoak egiteko erabiltzen dela. Akizen, adibidez, hilabete gutxitan gertatzen den bosgarrena dela jakinarazi du irratiak.