argia.eus
INPRIMATU
Emakume bertsolarien lekukotzak batu ditu Uxue Alberdik
  • Plazan topetan dituen mugak identifikau ditu Kontrako eztarritik saiakeran.

Bizkaie @Bizkaie 2019ko martxoaren 05
Uxue Alberdi, liburuaren aurkezpenean (argazkia: Bertsoa.eus)

Gaur egun plazan ibilten diran hamabost emakume bertsolari aukeratu ditu Uxue Alberdik, belaunaldi, jatorri eta estilo desbardinetakoak, eta gai beraren inguruan daukien ikuspegia azaltzeko eskatu deutse. Hau da, bertsotan dabizanean emakume izateak dakarren pisua eta ia zelan sentiduten diran hartzaileak euren bertsoak jasoteko orduan, emakume izatearen ikuspuntutik. Hamabost testigantzak batu eta pasarterik esanguratsuenak alkarregaz lotuta jaio da Kontrako eztarritik (Susa).

Honeek dira parte hartu daben hamabost bertsolariak: Amaia Agirre, Ainhoa Agirreazaldegi, Maialen Akizu, Miren Amuriza, Maider Arregi, Miren Artetxe, Maddalen Arzallus, Oihana Bartra, Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Ane Labaka, Alaia Martin, Eli Pagola eta Jone Uria.

Gaur egungo emakume bertsolarien ahotsa liburura ekarten ahalegindu da, eurak dira subjektua. Uxue Alberdik alkarren alboan ipini ditu lekukotzak, alkarrizketan egongo balira legez. Hortaz, narratzailea gitxi agiri da kontakizunean.

Hamabost bertsolariek kontau dituen egoeren edo sentimenduen artean, Uxue Alberdik 21 mekanismo identifikau ditu, euren bertsokerea izkutatzeko edo azpiratzeko balio dabenak. Itxureagaitik epaituak izatea, ikusezintasuna, gizonen arteko aliantzak... dira emakume bertsolariek euren jardunean topetan dituen trabak. Literaturan, musikan eta abar egindako antzeko ikerketetan oinarritu da Alberdi mekanismoak identifiketako.

Egileak onartu dau ez dala lan erosoa izan, emakumeek ia konturatu barik jasaten dituen biolentziak azaleratu egiten diralako, zelanbait ahoskatu egiten diralako. Emakumeen indarra txalotu dau Alberdik, bertsotan egiteko daukien gogoa. Kolektibo sendoa dira eta horri esker atera leiteke Kontrako eztarritik, beharbada orain dala urte batzuk ezin izango zan, egilearen ustez.

Bertsolaritzearen etorkizunaren inguruko gogoetearen erdian dator saiakera hau, izkutuan egon diran hainbat gai azaleratzeko balio izango dauelakoan dago Uxue Alberdi. Emakumeek jakin izan dabe euren burrukea erdigunera eroaten eta hori kontuan izan beharko dau bertsoaren munduak aurrera egiteko.

Albiste hau Bizkaiek argitaratu du eta gurera ekarri dugu, CC-By-SA lizentziari esker.