argia.eus
INPRIMATU
Emakume bertsolariak boteretze gunea eraikitzen
  • Historikoki zailtasunak eta isiltasuna izan dituzte parez pare emakume bertsolariek. Hala ere, boteretze gunea eraiki eta aurrera egiten ari dira. “Emakume bertsolariak. Ahanzturatik diskurtso propiora” ikerketan 35 bertsolari elkarrizketatu dituzte.

ARGIA @argia 2016ko irailaren 16a
Elkarrizketatu guztiek Maialen Lujanbio aipatu dute erreferenteez hitz egin dutenean. Argazkia: Euskal Birusa elkartea.

Emakundek urtero eskaintzen duen bekari esker egin dute ikerketa lana. EHUko Gema Lasarte irakaslea izan da gidari eta Amaia Alvarez Uria, Ana Isabel Ugalde, Pablo Lekue eta Judit Martínezek kolaboratu dute.

35 bertsolari emakumerekin elkarrizketa sakonak egin dituzte eta gaur egun bertsotan 200 bat ari direla kalkulatu dute.

Plazan gizonen pare ikusi eta entzun ez bada ere, mendeak daramatza emakumeak bertsotan. Gaur egun ikusgarritasun eta parte-hartze maila handiagoa lortu du eta ikerketak egoera horretara iristeko bost faktore aipatzen ditu: bertsolaritza modernizatu izana; bertso eskolak sortu izana (emakumeak eta gizonak paretsu dabiltza); erreferenteak edukitzea (elkarrizketatu guztiek aipatu dute Maialen Lujanbio); genero nortasuna eraiki izana; eta hegemonia maskulinoa daukan munduan emakumeek beraiek ekimena eduki izana.

Ez datoz bat bertso eskoletako emakume bertsolari kopurua eta plazan dabiltzanena. Ikerketak ondorioztatu duenez, plazara ateratzeko emozioak landu behar dira, izan ere jendaurrean aritzeko autoestima eta ziurtasuna faktore oso garrantzitsuak dira.

Emakume bertsolariek jabetze edo boteretzea indartzeko lan handia egin dute, eta adibidez, lan horren emaitzetako bat da 2009an, Bertsozaleen Elkartean, Genero Batzordea sortu izana.

“Emakume bertsolariak. Ahanzturatik diskurtso propiora” ikerketa lana lotura honetan daukazue irakurtzeko moduan.