argia.eus
INPRIMATU
Hiru eraso matxista Barakaldon azken egunotan
  • Uztailaren 16ko goizaldean gertatu zen azken erasoa. Andreak labankadak zituen lepoan, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten, baina sendagiria eman zioten gauean bertan. Ustezko erasotzailea bere bikotekidea da: Ertzaintza haren atzetik dabil.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 19a
Ehun pertsonatik gora batu ziren erasoen aurkako elkarretaratzean. (Monika del Valle / Foku)

27 urteko emakumea labankatu zuten ostiral goizaldean Barakaldoko Gurutzeta auzoan. Biktimak zauriak jasan zituen lepoan, eta ospitalera eraman behar izan zuten, baina gauean bertan jaso zuen sendagiria.

Ustezko erasotzailea andrazkoaren 29 urteko mutil laguna da. Mutilak aurrekariak ditu indarkeria matxistagatik, eta ihes eginda dago erasoaren gauetik. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saila genero-indarkeria delitu gisa ikertzen ari da gertatua, eta Ertzaintza gizonezkoaren bila dabil.

Uztailaren 17an, Barakaldoko Udalak erasoaren aurkako mahaia deitu zuen. Berria hedabideak bildu duenez, Amaia del Campo alkateak erasoaren aurkako “arbuio irmoa” adierazi zuen: “Emakumeen aurkako indarkeria ezin da isildu, eta horregatik da garrantzitsua salaketa”. 

Hirugarren eraso matxista

Argitan talde feministak elkarretaratzera deitu zuen uztailaren 18an, eguerdiko 12:30etan. Bertan, duela astebete Barakaldon gertatutako bi eraso matxistak —bortxaketa saiakera eta bortxaketa — ere ekarri zituzten gogora, eta “nazkatuta” daudela adierazi zuten, gero eta kasu gehiago salatu behar baitituzte.

Era berean, gertatutakoen aurrean agintariek izan duten esku-hartzea ere kritikatu zuten. Eitb-k zabaldu duenez, Argitan taldeak salatu zuen instituzioek “irudia garbitzeko hitz merkeak” erabili beharrean, “matxismoaren aurkako benetako politika integralak” abian jarri beharko lituzketela, emakumeen babesa eta neurri soziekomikoak bermatzeko.