argia.eus
INPRIMATU
Emakume baten kontrako sexu abusua salatzeko protesta egin dute Barakaldon
  • Barakaldoko bizilagunak Herriko plazan elkarretaratu dira Argitan Emakumearen Aholku Zentroak deituta, emakume baten aurkako sexu abusu kasu berri bat salatzeko. Enegarren erasoa izan dela adierazi dute.

     

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 19a
Barakaldoko elkarretaratzea. Argazkia: BarakaldoDigital

Elkarretaratzea asteartean egin dute, abuztuaren 16ko goizaldean Barakaldoko etxebizitza batean gertatutako sexu abusu kasu baten harira. Gertakariak Ertzaintzaren aurrean salatu dira, eta horiengatik gizon bat ikertu dute.

Argitan elkarteak kalera irteteko deia egin du, Barakaldon emakumeen aurka jazotzen diren erasoen aurrean salaketa publikoa egiteko. Kolektibo feministak "neurri integralak eta apustu ausartak" eskatu dizkie eragile sozial, politiko zein instituzionalei. Era berean, matxismoaren eta desberdintasunaren aurka erreakzionatzeko eta aktiboki mobilizatzeko deia egin du.

"Indarkeria sexista ez da modu isolatu eta indibidualizatuan gertatzen, baizik eta emakumeek gizarte patriarkal honetan, kultura mailan, komunikabideetan, Estatuan, lan merkatuan, familian edo hezkuntza sisteman bizi ditugun desberdintasun eta diskriminazioen ondorio da", gogorarazi du Argitanek. Azken erasoak "Barakaldon gertatutako dozenaka indarkeria matxistarekin” lotura duela azpimarratu du. Zehazki, Emakumearen Aholku Zentroak 66 kasu artatu zituen iaz, azken hamarkadako kopururik altuena.

2020an datu "okerragoak" espero dituztela ohartarazi dute; izan ere, indarkeria matxista pairatu duten 47 emakumeren kontsulta jaso ziren COVID-19ak eragindako alarma egoeran zehar.