Europan ere badira cowboyak, indioak, legedi propioa duten herriak, zaldi zuriak, antiheroi bakartiak, zibilizatuak, basatiak, kolonizatzaileak eta kolonizatuak; finean, westernak.
Etxe askotan bakeroen pelikula diren horiek iraultzera dator Valeska Grisebachen Western filma, baina zinema genero honen elementu guztiei eutsita. Anthony Mannen pelikula batean iraganeko arketipo bezala agertzen direnak, egungo pertsonaietan eta Europako testuinguru sozioekonomikoan ezin hobeto gorpuzten ditu zuzendari alemaniarrak.
AEBetako desertu zaharretatik Bulgaria eta Greziaren arteko mendi berdeetara. Herrixka galdu batera datoz langile alemaniarrak, urtegi hidroelektriko bat eraikitzera, eta elkarbizitza horretako korapiloek osatzen dute narrazioa.
Motela, errealista, intimoa, gordina, zenbaitek aspergarria dela ere esango du, agian. Nik neuk, azken eszena ikusteagatik soilik ikusiko nuke berriro. Hori bai, hasieratik amaierara.
Western
ZUZENDARIA: Valeska Grisebach
AKTOREAK: Meinhard Neumann, Reinhardt Wetrek,
Waldemar Zang, Detlef Schaich
Alemania-Bulgaria-Austria, 2017
119 minutu