Igande goizaldean, Beasaingo Loinatz jaietan, egin zioten sexu erasoa emakumeari. Biktima Zumarragako ospitalean artatu zuten, eta astelehenean salaketa jarri du, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Poliziak ikerketa abiatu du.
Artean salaketa jarri gabe zuenean, igande eguerdian, Beasaingo Udalak agiria plazaratu zuen, alderdi guztiek adostutakoa. "Une honetan, ustezko eraso baten aurrean gaude", dio oharrak. "Jasotako gertaeraren argitzea, Ertzaintza eta mediku zerbitzuen eskuetan aurkitzen da eta ikerketak aurrera darrai. Testuinguru honen barruan, Udalak bere laguntza osoa eskaintzen dio salatzaileari eta bere familiari.
Udal alderdiek adierazi dute jaien atarian egindako adierazpen bateratua berresten dutela. "Sexu-erasoak pertsonen askatasunaren kontrako eraso zuzenak dira, pertsonen duintasunaren aurkakoak eta onartezinak. Jaiak libre eta seguru bizi behar dira. Erasoak ez dira jolas dibertigarri eta hutsal baten ondorio, indarkeria matxistaren ondorio baizik. Horregatik, gertakari horiei aurre egiteko gizarte osoak konpromiso aktiboa har dezan eskatzen diogu herriari. Udalak ere hala egingo du".
Erasoa salatzeko eta emakumeari babesa adierazteko elkarretaratzea egin zuten igande arratsaldean Beasainen, Itaiak deituta.