argia.eus
INPRIMATU
Emakume batek salaketa jarri du, eta Aste Nagusian sexu erasoa egin dioten ikertzen ari dira
  • Emakume batek salaketa jarri du, asteartean Bilbotik abiatutako tren batean ondoezik eta goizaldean gertatutakoa gogoratu ezinik esnatu ostean. Medikuen behaketak sexu erasoaren hipotesia indartu du, eta gertatutakoa ikertzen ari da Ertzaintza. Jaiak hasi zirenetik erasoak etengabe gorantz egin dutenez, asteazkenean protokoloa aktibatu du Bilboko Konpartsak-ek.

ARGIA @argia 2022ko abuztuaren 25
Argazkia: AixeBerri Konpartsa

Bilboko Aste Nagusian jazotako ustezko sexu eraso baten berri eman zuen Josu Erkorekoa Segurtasun Sailburuak asteazkenean, Espainiako SER irratiari eskainitako elkarrizketa batean. Ostegunean Radio Popular-Herri Irratia-ri eskainitako elkarrizketan ezagutarazi du kasuaren gaineko informazio gehiago: emakume bat Bilbotik abiatutako tren batean esnatu zen asteartean, Bilboko Aste Nagusian egon ostean, goizaldeko denbora-tarte batez gertatu zena ezin gogoraturik eta ondoezik. Bere burua egoera horretan aurkiturik, osasun zentro batera jo zuen, behaketa egin ziezaioten; hala egitea gomendatzen da sexu erasoa pairatu ostean, edo kasu honetan bezala, sexu erasoa pairatu izanaren ustearen aurrean –posible dela, dutxatu edo garbitu gabe–.

Erkorekak emandako informazioaren arabera, medikuek egindako behaketaren ondorioz sexu erasoaren hipotesia indartu egin da, aurkitu baitituzte "balizko sexu-eraso batekin bateragarriak diren baldintzak". Ertzaintza ari da gertatutakoa ikertzen.

Protokoloaren aktibazioa, erasoen areagotzearen aurrean

Aipatutakoaz gain, erregistratu dira eraso matxista gehiago Aste Nagusia hasi zenetik. Jaien lehen gauean egindako manifestazio feministan bertan hainbat eraso jazo ziren mugimendu feministak salatu duenez, eta ondoko egunetan ere beste hainbat erasoren berri izan da. Erasoen areagotzearen aurrean, asteazkenean protokoloa aktibatu beharrean ikusi da Bilboko Konpratsak.

Eraso matxisten gainetik Aste Nagusia defendatu! lelopean egindako elkarretaratzean hala adierazi zuten: "Gure bizitza eta jaiak aske bizitzeko aukera baldintzatzeko xedea duten erasoez nazkatuta gaude. Indarkeriaz eta kontrolean oinarritutako maskulinitateaz nazkatuta gaude. Gure gorputzen eta erabakien jabe gara. Indarkeriarik gabeko jai eremua nahi dugu, eta antolakuntza eta autodefentsa feministarekin lortuko dugu".