Gizon batek egindako jazarpena salatu du Irati Rusiñol hendaiarrak sare sozialetan. Komisarian ere jarri du salaketa. Salaketa publiko egin ostean, beste 30 emakumek esan dute gizon beraren erasoak jasan dituztela. Rusiñolek adierazi du beste inori halakorik egin ez diezaion egin duela salaketa publikoa.
Rusiñolek Euskadi Irratian eta Berria egunkarian kontatu du gertatutakoa. Jazarpena azaroaren 15ean hasi zen, Hendaian. Supermerkatu batean ezagutu zuen gizona, erreflexologoa zela zioen karta bat eman zionean eskura. Hizketan aritu ziren luzaz, bazihoala esan zion arte. Orduan, bere etxera gonbidatu zuen, eta besarkadak eman zizkion, eta eskatu ez alde egiteko. Musukatzen ere saiatu zen. Ataka hartatik ateratzeko, Rusiñolek etxeraino laguntzeko aukera eman zion, gero agurtzekotan. Iruditu zitzaion gizonak “afekzio falta” zuela. Telefono zenbakia eman zion.
Gau berean hasi zitzaion deika, eta sexu harremanez hizketan hasi. Hurrengo egunetan jazarpena telefonoz, Whatsappez, helbide elektronikoz, Facebookez eta Instagramez egin zion. Gelditzeko eskatu zion behin baino gehiagotan, baina gizonak jarraitu egin zuen. “Prostituta bat zara!”, esan zion uzteko eskatu zion horietako batean.
Rusiñolek salaketa jarri zuen polizia etxean. Era berean, Facebooken kontatu zuen gertatutakoa. Gizonaren izena, adina, bizitokia eta elkarrekin trukatutako mezuen irudiak zabaldu zituen. Ondoren, 30 emakumeren mezuak jaso ditu esanez gizon beraren erasoak jasan dituztela. Rusiñolek Euskadi Irratiari adierazi dio emakume batzuek eraso arinagoak izan dituztela eta beste batzuek okerragoak, tartean batek aipatu duela gizon horrek bortxatu zuela. 30 emakumeetako inork ez du salaketarik jarri. Rusiñolek animatu ditu salaketa jartzera, baina pausoa inork ez duela eman esan du. Adierazi dio Berria-ri “amorru pixka bat” eman diola, baina ulertzen duela jarrera.
Berak esan du sostengua jaso duela salaketa publiko eginda, on egin diola. Gehitu du haren asmoa zela, salaketaren bidez, gizonak bera ez gehiago jazartzea, eta beste inori gauza bera ez egitea.