Arrazakeria, diskriminazioa eta islamofobia salatu ditu langileak, eta Iruñeko Lan Ikuskaritzaren aurrean elkarretaratzea egin dute, SOS Arrazakeriak eta LAB sindikatuak deituta. Ikuskaritzak salaketa itxi du, eta onartu egin du Misericordia enpresaren argudiaketa, dioena ez ziotela eskatu hiyab-a kentzea erlijio arrazoiengatik, baizik eta egoiliarrak "ez asaldatzeko beloa ikustean".
Garbiketa lanetan aritzen den langileari Iruñean bi lanpostu ukatu dizkiote hiyab-a eramateagatik, eta salatu du arrazoi islamofobo eta diskriminatzaileak eman dizkiotela. Otsailaren 14an elkarretaratzea egin zuten hori salatzeko, SOS Arrazakeria eta LAB sindikatuak deituta, Iruñeko Lan Ikuskaritzaren parean.
Nafarroako SOS Arrazakeriak jaso du emakumeak jasandakoaren kontakizuna. Grupo ONE enpresak eskatuta, Casa de la Misericordia zaharren egoitza kontzertatura joan zen ordezkapen bat egitera. Bertaratutakoan, eta egin beharreko lanak azaldu ostean, ustez arduraduna zen beste pertsona bat agertu zen, eta jarraian esan zioten ezin zuela beloarekin lan egin. Emakumeak lanpostua utzi behar izan zuen, oraindik kontratua sinatu ere egin gabe.
Langileak diskriminazioa salatzea erabaki zuen, baina Misericordian esan zioten ezin zutela “ezer egin”, esanez “arauak horrelakoak” direla. SOS Arrazakeria elkartera eta LAB sindikatura jo zuen jarraian, eta Lan Ikuskaritzara bideratu zuten kasua. Auzia itxi du ikuskaritzak, eta ondorioztatu du “gaia konplexua” dela, batetik, ez delako kaleratzea izan, oraindik kontratupean ez zegoelako, eta bestetik, gaiari dagokion jurisprudentzia eskasa delako. Lan Ikuskaritzak dio organo judizialei legokiekeela hori ebaztea.
SOS Arrazakeriak gogor kritikatu du Lan Ikuskaritzaren jarrera, Misericordia enpresaren arrazoi hau ontzat eman baitu, besteak beste: “Zapia kentzeko eskakizuna ez zen erlijio arrazoiengatik izan, baizik eta adineko pertsonak diren egoiliarren lasaitasuna ez aztoratzeko. Haietako batzuentzat arraroa eta arrotza izan daiteke beloa edo zapia duen pertsona bat egotea egoitzan, eta asaldatu egin daitezke”. SOS Arrazakeriak ohartarazi du “izugarri arrazista” dela hori esatea, eta islamofobia dela nortasun sinboloak lotzea arriskua edo segurtasun eza bezalako estereotipo negatiboekin. “Oso larria da erakunde publiko batek esaldi hori entzun ostean ez erabaki izana ikertzen jarraitzea eta salatzaileari gonbidatzea epaitegiko bidea hartzera”. SOS Arrazakeriak dio Lan Ikuskaritzak ere diskriminatu duela emakumea, enpresaren alde eginda.
LAB sindikatuak azpimarratu du diskriminazio eta zapalkuntza ugari gurutzatzen direla horrelako gertakarietan, Aljeriatik migratutako emakumea baita: “Ez da kasualitatea emakumea, migratua, musulmana eta arrazializatua izanik laneko diskriminazioa bizi behar izatea. Zoritxarrez, ez baita salbuespena”. Sindikatuak oroitarazi du lanposturik prekarioenak direla eurei eskaintzen zaizkienak, “bizirauteko adina ematen ez dutenak, etengabeko mehatxupean biziarazten dutenak”.
Beste behin, La Morea merkataritza zentroan zuen lanpostutik kaleratu zuten. Bost hilabetez “arazorik gabe” garbiketa lanetan aritu ostean mezu bat bidali zioten, esanez ezin zuela hiyab-a eraman aurrerantzean, arduradunak hala zioelako, elDiario.es-i kontatu dionez. SOS Arrazakeria elkartearekin harremanetan jarri zen, eta lortu zuen lanpostura itzultzea, baina bi aste geroago kaleratu zuten, “arrazoirik gabe”. Andreak elDiario.es-en adierazi duenez, orain ez dio inork deitzen lanerako: “Zuzenean baztertzen naute curriculuma ikusten dutenean, argazkian zapia daramadalako”.
Sindikatuak eta elkarteak nabarmendu dute emakumeen oinarrizko eskubidea dela norbere erlijio askatasuna eta nortasuna adieraztea, eta ez dagoela horren gainetik enpresa batek diskriminatzaileak diren debekuak ezartzeko eskubidea: “Ez dagokigu guri, ez gizarteari, ez erakundeei emakume musulmanen zapiaren erabilera eztabaidatzea edo epaitzea”.