argia.eus
INPRIMATU
Emakume bat taldean bortxatzeagatik bi gizon atxilotu dituzte Barakaldon
  • 20 eta 23 urteko bi gizon atxilotu dituzte igandean Barakaldon, goizaldean emakume bat taldean bortxatzea leporatuta. Ertzaintzak jakinarazi du beste bi gizon ari direla ikertzen. Gainera, Tolosan ere ikerketa ireki du Ertzaintzak, 18 urteko emakume baten aurkako sexu erasoa argitzeko.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 28a
Gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea egingo da asteartean / Argitan

Goizeko 6:30ak bueltan ertzainek abisua jaso dute, neska bat taldean bortxatu dutela Barakaldon. Hainbat gizonezkok neska kalean harrapatu eta atari batean sartu dute. Han egin diote eraso, baita mugikorra eta poltsa lapurtu ere. Gertatutakoa jakitean, Ertzaintzak ikerketa abiatu du Udaltzaingoarekin elkarlanean, eta ordu gutxira atxilotu dituzte bi gizonezko. Ikerketak zabalik jarraitzen du.

Eraso matxista salatu eta biktimari babesa agertzeko elkarretaratzea deitu dute astearterako Bide Onera plazan 19:00etan.

Sexu erasoa Tolosan

Ertzaintza ikertzen ari da Tolosan egindako sexu eraso bat, baina momentuz ez dago atxiloturik, Berriak baieztatu duenez. Tolosako Asanblada Feministak salatu du sexu erasoa: 18 urteko emakume baten aurkakoa izan da, eta indarkeria matxistaren kontrako protokoloa martxan jarri dute.

Sexu erasoa gaitzesteko elkarretaratzera deitu dute Tolosako Asanblada Feministak eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak. Asteartean izango da Tolosako udaletxe aurrean, 19:00etan.