argia.eus
INPRIMATU
Emakume bat leihotik erori da, bikotekidearengandik ihes egiten saiatzean
  • Gasteizko Udaltzaingoak gizona atxilotu du, genero indarkeria eta bikotekidea hertsatzea egotzita.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2019ko urriaren 22a
Indarkeria matxista salatzeko kontzentrazio bat (Argazkia: ALEA)

Udaltzaingoak 33 urteko gizon bat atxilotu zuen larunbatean, emakume bat harengandik ihes egiten saiatzen ari zenean leihotik erori eta zauritu ondoren. Poliziek gizona atxilotu zuten, genero indarkeria eta bikotekidea hertsatzea egotzita.

Herritarren dei batek jakinarazi zion Udaltzaingoari emakume bat Adurtzako etxebizitza bateko lehen solairutik erori zela. Poliziak etxebizitzara joan ziren, eta gizon batek jaso zituen. Emakume bat zegoen ohean etzanda, minduta, eta orkatilak handituak zituen. Minutu batzuk lehenago eztabaida bat izan ei zuten, eta gizonak etxetik irtetea galarazi zion emakumeari. Orduan emakumeak leihotik ihes egitea erabaki zuen, eta erori eta zauritu egin zen. 

Zabalganean, beste atxilotu bat

Larunbatean bertan, 23:30ean, patruila bat Zabalganeko etxebizitza batera joan zen, bizilagunek salatu zutelako heriotza-mehatxuak entzuten ari zirela eta emakume bat negar eta oihu egiten ari zela. Poliziek 48 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, genero indarkeria delitua leporatuta, eta igandean utzi zuten epailearen esku.