argia.eus
INPRIMATU
Emakume bat larri zaurituta dago, Urduñan eraso matxista jasan eta gero
  • Urtarrilaren 15eko goizaldean izan zen erasoa. Ondorioz, leihotik bota zen emakumea, eta erietxean dago geroztik. Gizonezko erasotzailea atxilotu du Ertzaintzak, baina karguekin aske utzi dute. Ertzaintzak baieztatu duenez, "ez da istripua izan" eta indarkeria matxista egozten diote.

Aiaraldea @aiaraldea 2019ko urtarrilaren 22a
Mugimendu feministak gogor gaitzetsi du gertatutakoa. / Aiaraldea.eus

Urtarrilaren 15ean goizaldean gertatu zen eraso matxista, Urduñako etxebizitza batean. 44 urteko gizonezkoa atxilotu du Ertzaintzak, ikertzen aritu ondoren, indarkeria matxista leporatuta, baina karguekin aske utzi dute.

Hala adierazi dio Aiaraldea hedabideari poliziak. Atxilotua aske dago, genero indarkeria karguekin. "Urtarrilaren 15eko goizaldean emakume bat bota zen leihotik" zehaztu du Segurtasun Sailak.

Ertzaintza eta anbulantzia bertaratu ziren tokira, eta erietxera eraman zuten emakume zauritua. "Ez zen istripua izan, genero indarkeria baizik", baieztatu dio Ertzaintzak Aiaraldea hedabideari.

Atestatuan oinarritu dira ikerketa abiatzeko, eta 44 urteko gizonezkoa atxilotu dute, erasotuaren bikote ohia. "Justiziaren esku geratu zen kasua. Karguekin aske geratu da gizonezkoa".  

Aiaraldeko Mugimendu Feministak gogor gaitzetsi du gertaera. Horrez gain, mobilizazioa deituko dutela jakinarazi dute. 

Urduñako Udalak, berriz, oharra plazaratu du. "Irmotasunez gaitzesten ditugu mota honetako erasoak", adierazi du tokiko erakundeak. Erasotuari, familiari eta gertukoei elkartasuna eta babesa helarazi dizkiete. Ildo beretik, Aiaraldeko Mugimendu Feministaren mobilizazioarekin bat egin du, "manifestazioan parte hartzeko gonbidapena" luzatuz herritarrei.

 

Albiste hau Aiaraldeak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.