argia.eus
INPRIMATU
Emakume bat hil dute labankadaz Bilbon, eta bikotekidea atxilotu dute
  • Osteguneko lehen minutuetan jazo dira gertaerak Mina del Morro inguruan, Santutxu auzoan, 00:20 orduak aldera, eta ustez, 34 urteko gizon batek 31 urteko bikotekidea hil du.

ARGIA @argia 2024ko irailaren 12a

Zaratak eta oihuak entzunda, auzokideek larrialdi zerbitzuetara deitu dute eta horiek etxera iritsi direnean emakumea lurrean larri zaurituta aurkitu dute, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren ohar batek jakinarazi duenez.

Ertzaintza eta Udaltzaingoko hainbat patruila iritsi dira bertara, eta larrialdi zerbitzuek artatzen ari zirela hil da emakumea. Ustezko hiltzailea, emakumearen bikotekidea, etxean zegoen oraindik eta Poliziak atxilotu egin du.

Segurtasun Sailburu Bingen Zupiriak adierazi duenez, ez zuen genero indarkeriako aurrekaririk eta ez zegoen indarkeria matxistaren biktimen zerrendan. Esan duenez, gizonak arazo psikiatrikoak ditu eta ospitalera eraman dute.

Aurten beste bi emakume hil dituzte Euskal Herrian hilketa matxistetan. Iragan maiatzean emakume bat hilda aurkitu zuten Donibane Lohizuneko (Lapurdi) hotel batean. Poliziak bikotekidea atxilotu zuen hilketaren susmagarri moduan. Hamabost egun lehenago emakumea Ziburuko hotel bateko bosgarren solairutik jausi zen, antza, bere bikotekidearengandik ihesi ari zela. Ekainean, halaber, Laure Zacchelo urruñarra desagertu egin zen eta Poliziak bere bikotekidea atxilotu zuen.

Horiez gain, Eneritz Argintxona 30 urteko Erandioko bizilaguna Panaman hil zuten han turismoa egiten ari zela. Bi gizonezko atxilotu zituzten eta feminizidioa leporatu diete.