Igande goizean aurkitu dute gorpua Gasteizko aparthotel batean, hiru urteko alaba ondoan zuela. Mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du astelehenerako, 19:00etan, Andra Mari Zuriaren plazan.
Emakume bat hil dute Gasteizen, eta bere bikotekide ohia atxilotu dute, hilketarekin lotuta. Igande goizean aurkitu dute 32 urteko gasteiztarraren gorpua Gasteiz etorbideko aparthotel batean. Hiru urteko alaba berarekin zegoen, eta orduak egin ditu gelan Ertzaintza azaldu arte, hildako amaren ondoan. Hainbat hedabideren arabera, emakumea haurdun zegoen, bikien esperoan.
Guardia Zibilak igande gauean atxilotu du emakumearen bikotekide ohia, Zaragozan. Taxi batean zihoan Gasteiztik ihesean, Valentziara bidean, AP-68 errepidean. Urruntze-agindua zuen ezarrita.
Emakumea orain gutxi arte Valentzian bizi izan da, eta "muturreko arriskuko" babesa zuen, indarkeria matxistaren arriskua neurtzeko irizpideak kontuan hartuta. Zenbait hedabidek adierazi dutenez, Gasteizen apaldu egin zioten maila hori, bizilekua sekretupekoa zela iritzita.
Erkorekaren adierazpenak
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordea eta Segurtasuneko sailburuak agerraldia egin du kasuaren inguruko adierazpenak egiteko. Azaldu duenez, emakumea urtarrilean ere Gasteizen egon zen, eta Ertzaintzarekin harremana izan zuen. Eskatu zuen bikotekideari urruntze agindua kentzeko, "ez zuelako bere burua arriskuan ikusten, eta elkarbizitza mantendu nahi zuelako gizonarekin". Maiatzaren 18an itzuli zen Gasteizera emakumea, Erkorekak adierazi du lehen egunetik izan zuela Ertzaintzarekin kontaktua, eta urtarrileko eskaera berretsi zuela. Azaldu du Ertzaintzak Guardia Zibilarekin eta Espainiako Poliziarekin kontrastatu zuela kasua, eta aztertzen ari zela. Erkorekaren arabera, ez zegoen behin-betiko ebaluaziorik.
Mugimendu feministaren mobilizazioa
Mugimendu feministak Gasteizen elkarretaratzea deitu du hilketa salatzeko. Astelehenean izango da, 19:00etan, Andra Mari Zuriaren plazan. Aurten Euskal Herrian izan den bigarren hilketa matxista da Gasteizkoa. Duela bi aste Orion emakume bat hil zuen bere bikotekide ohiak, eskopetaz.