argia.eus
INPRIMATU
Emakume bat hil da Iruñeko presondegian
  • Salhaketa elkarteak eman du heriotzaren berri. Emakumea astelehenean hil zen eta zehaztu denez, presondegiko langileen erantzuna ez zen behar zitekeena bezain azkarra izan.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 11

Salhaketa elkarteak jakinarazi du emakume bat zendu dela azaroarne 8an Iruñeko kartzelan. Gaizki zela, zeldako bizikideak abisua eman zien presodengiko langileei baina hauek ez zuten behar bezain laster erantzun. "Espetxeko arduradun eta osasun profesionalen erantzuna ez zen horrelako egoera batean espero zitekeen bezain azkarra izan" irakurri daiteke elkartearen abisuan.

Guardia medikua ez da denbora osoz

Nafarroako Gobernuak Iruñeko espetxearen osasun eskumena bere gain hartu eta bi hilabetera gertatu da ezbeharra. Hala ere, Iruñeko espetxeak ez du guardiako medikurik egun osoan, eguneko 24 orduetan. Salhaketa erakundearen arabera, "neurri hori guztiz beharrezkoa da presoen osasun egoera berariazkoak kontuan hartuz gero". Heriotza gertatu den honetan, "garrantzitsutzat" dauzka bi ohar horiek elkarteak.

Eduardo Santos Nafarroako Politika eta Justizia sailburuak bere atsekabea eta doluminak helarazi dizkie hil den emakumearen senitarteko eta lagunei, "espetxeetan gertatzen diren heriotza guztiak zorigaitzak direlako". Era beran, "zuhurtzia" eskatu du ikerketa judiziala martxan delako eta autopsiak erakutsiko duelako heriotzaren arrazoi zehatza.